Azaroak azak soroan!
Igande goiz honetan herri topaketa bat burutu dute Ormaiztegiko plazan. Arrazoia Goimenek, Ormaiztegiko Udalak eta Osoa Sukaldaritza & Ikaskuntzak jarri dute.
Plazako estalpean sekulako aukera sorta izan da ikusgai baserritar, ostalari, merkatari eta gerturatu diren guztien artean. Besteak beste, Behieko gazta ekologikoa, Telleria behi gaztak, Xubero artisau jakiak, Iztueta esnekiak eta Basabe garagardoa erosteko aukera egon da. Gutxi baliz, hotzari aurre egiteko salda eta pintxoak egon dira musu-truk.
Antolatzaileen asmo nagusiena gure arbaso eta baserritarrek, duela ez horrenbeste, nondik eta nola elikatzen ziren oroitzea eta eguneratzea izan da, digitalizazio garaira ekarriz.
Hau gogoeta ekitalditzat jo dezakegu, gaur egungo kontsumo ohiturak zein diren hausnartzea bilatuz. Gure inguruko landa eremuak zer eskaintzeko gai diren ezagutarazi nahi izan dute gaur Ormaiztegin.
“Gaurkoa abiapuntu bat izan den arren, ez da azkena izango” aitortu du Osoako Anne Oteguik. Hori horrela, asmo on horrekin jarraitzeko borondatea erakutsi dute uneoro.












