Elustondo bigarren eta Apalategi hirugarren, Arrasateko finalaurrekoan
Agin Laburuk irabazi du Arrasateko saioa, eta zuzenean sailkatu da finalerako. Elustondo eta Apalategi txukun aritu dira, eta beste bi saioetako gertatzen denaren zain gelditu beharko dute.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurreneko finalaurrekoa jokatu dute asteburuan, eta lan txukuna osatu dute Goierriko bi ordezkariek Arrasaten. Nerea Elustondok bigarren egin du, 467 punturekin; Iñaki Apalategik berriz, hirugarren, 459 puntu jasota. Saioa Agin Laburuk irabazi du (501 puntu), eta zuzenean sailkatu da finalerako. Gainontzekoek, finalaurreko beste bi saioetan gertatzen denaren zain egon beharko dute.
Hamarreko handian sendo hasi da Elustondo, puntuaziorik onena lortuta. Zortziko txikian ez du horrenbeste asmatu, baina 6ko txikian eta puntutan fin aritu da, eta kartzelakoan bigarren puntuaziorik altuena lortu du. Apalategi erregularrago aritu da, baina goirik jo gabe; kartzelakoan egin du bere lanik onena.
- 1. Agin Laburu …………………. 501
- 2. Nerea Elustondo ………….. 467
- 3. Iñaki Apalategi ……………. 459
- 4. Unai Mendizabal …………. 452
- 5. Unai Gaztelumendi ……… 447
- 6. Eñaut Martikorena ………. 434
Beste bi saioetan, goierritar bana
Datorren igandean, hilak 24, Amaia Iturriotz urretxuarraren txanda izango da, Oiartzungo saioan. Alaia Martin, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi eta Iñigo Mantzisidor izango ditu lehiakide. Iban Urdangarinek berriz, abenduaren 1era arte itxaron beharko du: Tolosan ariko da, Beñat Lizaso, Haritz Mujika, Jokin Uranga, Jon Maia eta Oihana Iguaranekin batera.