«Argazkilaritzak sormena lantzeko aukera ematen dit»
Borja Blanco (Legazpi, 1984) Ikatza argazkilari elkarteko kideak bi sari jaso berri ditu Sorian (Gaztela). Hango diputazioak antolatutako Manuel Lafuente Caloto argazki rallyan digitaleko sari absolutua irabazi du, eta analogikoko gai libreko saria.
Nolatan Soriaraino?
Ikatza elkarteko kideok urtero egiten dugun irteeretako bat da. Asteburu pasa joaten gara Soriara hango argazki rallyan parte hartzera.
Urtero?
Bai. Soriako Diputazioak antolatzen du, eta urtero hango eskualde batean egiten dute, herri txikien bueltan. Gure irteera seinalatuetako bat da.
Irabazteko itxaropena zenuen?
Beti daukazu itxaropen pixka bat. Are gehiago, gaika banatutako sari ugari ematen dituztela jakinda.
Noiztik zara Ikatzako kidea?
Orain 10-12 urtetik. Elkarteak ikasteko aukera ematen dit, baita irakasteko aukera ere. Motibatuta egoteko akuilua da. Atzo [igandea] Soraluzeko rallyan izan ginen. Ziurrenik, bakarrik joan behar izanez gero, ez nintzateke joango, are gutxiago egiten zuen eguraldi makurrarekin. Aitzitik, taldean joatea errazagoa egiten da.
Erakusteko aukera aipatu duzu. Ikatzako ikastaroetan?
Bai. Urtean ikastaro bat edo bi egiten ditugu eta, nahiz eta gero partaide guztiak ez diren Ikatzan geratzen, bakarren bat animatzen da elkarteko bazkide egitera.
Zergatik gustatzen zaizu argazkilaritza?
Sormena lantzeko aukera ematen dit. Ez da bakarrik kameraren botoia sakatzea, teknika ezagutu eta egoerak sortu behar dira istorioak kontatzeko.