Baserriko esnea, Ezkioko eliza eta Kosovotarren bisita
Duela hamabost urte hasi ziren Iztueta baserrian poltsaratutako esne pasteurizatua saltzen. Ezkion eliza berritzeko lanak hasi zituzten, eta Urretxu-Zumarragan, Kosovoko Errepublikako ordezkariak izan ziren bisitan.
Gai aldetik erabat anitza izan zen gaur 15 urteko Hitza. Lazkaomendiko Iztueta baserrian, esne pasteurizatua egiten hasi ziren, zuzenka saltzeko. Geroztik asko hazi da proiektu hura, kaleko esne makinak direla, jogurt eta izozkiak, bisitak… Garai hartan, ordea, proiektu hasi berriaren ilusioarekin kontatu zuten sortzaileek, baina beti ere, “bertako produktuak” kontsumitzearen garrantziaz eta nekazaritza proiektuak mantentzeak eskatzen duen ahaleginen inguruan ohartaraziz. Esnea poltsaratuta hasi ziren saltzen, familiako tradizioa jarraituz, etxez etxe banatuta.
Ezkion, eliza berritzeko lanak hasi berriak zituzten; teilatua konpondu eta barrualdeko erretaula eta margolanak berritzeko asmoarekin. Elizako Batzordeak azaldu zuenez, “oso egoera txarrean” zegoen eliza, itoginak eta hezetasun arazoak baitzituzten. Gipuzkoako Gotzaindegiarekin eta Foru Aldundiarekin harremanetan jarri ziren, 300.000 euroko aurrekontua behar baitzuten teilatua berritzeko. Erakundeetatik 258.000 euro jaso zituzten, eta gainontzekoa biltzeko, herritarrei eskatu zieten laguntza, 24 euroko laguntza bonuak erosteko eskatuta.
Bestalde, Kosovoko Errepublikatik etorritako ordezkaritza baten bisita izan zuten Urretxu-Zumarragan. Legazpi, Ezkio-Itsaso, Urretxu eta Zumarragako ordezkariekin bildu ziren Lipjan hiriko agintariak. Mankomunitatearen eta Uggasaren funtzionamendua ezagutu zuten, besteak beste. “Herrialde demokratikoaren egitura antolatzen” ari zirela azaldu zuen Xhevat Olluri Lipjaneko alkateak eta “gobernu lokalen arteko eskumenak nola elkarbanatzen diren” ezagutu nahi izan zuten, Goierri Garaikoa bezalako esperientziak ezagututa.