Elikagai Bilketa Handia egingo dute Goierriko saltokietan
Nagusilan elkarteak urteroko janari bilketa egingo du ostiral eta larunbatean, Goierriko saltokietan. Hainbat elkartek lagunduko diete, boluntario lanetan.
Urteroko elkartasun ariketa egiteko aukera izango da ostiralean eta larunbatean Goierriko supermerkatuetan: Elikagai Bilketa Handian parte hartzea. Iaz 650.000 kg janari bildu zen Gipuzkoan. Beasaingo eta Olaberriko kasuan, Nagusilan elkartea arduratzen da bilketaz. 120 bat boluntario behar dira horretako; boluntarioek gaur dute izena emateko azkeneko eguna, whatsappa 658 750 767 zenbakira bidalita. Nagusilaneko Patxi Plazaolaren esanetan, dagoeneko hainbat ikastetxek, Atzegikoek, Asmubekoek eta Caritasekoek eman dute izena. Urtero bezala, iraupen luzeko elikagaiak bilduko dituzte: sukaldatuak, kontserbak, umeentzako janaria…. Bestalde, Consum Eroski eta BMn diru bonoak jasoko dituzte: «Guretzat oso beharrezkoak dira bonoak elikagai egokiak eta zatika-zatika erosteko».