Lurra harrotu, uzta jasotzeko
Azaroan azak soroan! topaketan bildutako iritziak eta gogoetak txosten batean jasoko dituzte orain. Sortutako dinamikari eman diote garrantzia antolatzaileek, eta bizitako esperientziarekin «oso-oso pozik» azaldu dira.
Elikagaien kontsumo katea osatzen duten eragile guztiak elkarlanean jarri eta hausnarketa egiteko helburuaren sortutako Azaroan azak soroan! topaketak izandako harrerarekin gustura daude antolatzaileak: «Gonbidatu guztiak etorri ziren, karta jokoan oso dinamika aktiboa sortu zen, Txukrut tailerrak ere arreta piztu zuen, eta jendearen parte hartzea oso ona izan zen. Gauza txikia izan zen, baina karpa betetzea lortu genuen».
Osoa Sukaldaritza & Ikaskuntzako kide Anne Otegiren hitzak dira horiek. Goimenekin eta Ormaiztegiko Udalarekin elkarlanean antolatu dute igandeko topaketa. Hausnarketa egitea ez ezik, sukaldeko kultura gastronomikoa zabaltzea, baserriko produktuei balioa ematea eta belaunaldi gazteekin transmisio lana egitea ere bazuen helburu. Joan den astelehen eta asteartean herri eskolako ikasleekin aritu ziren gaia lantzen, eta igandean ere ikasleak arduratu ziren hamaiketakoa banatzeaz. Horietako tarte batean, Udabarro Azpikoa baserriko Rafaela Peñagarikanori omenaldia egiteko ere baliatuko zuten herenegungo topaketa. «Esker ona ere adierazi behar zaie baserritarrei».
Ormaiztegira egokitua
Asko izan dira topaketan parte hartu duten eragileak: Jakoba Errekondo, Kukoko Iker Markinez, Erronkako Aitor Urreta, Iztuetako Mariaje Insausti, Goierriko Baratzeko Danel Etxeberria, Behiekoko Judith Garcia, Mutiloako Beñat Telleria, Zeraingo Iñaki Intxausti… «Mural batean islatu genituen ondorio guztiak, eta orain esperientziaren txostena egingo dugu».
Otegik argitu du ekimena «Ormaiztegira egokitutako topaketa bat» izan dela. «Horrelako zerbait egiteko gogoa zegoen, eta Osoa gogoa dagoen tokietan izango da. Igandekoa lur harrotze bat izan da. Osoak jendea elkarlanean jartzea du helburu, xaxatze lana egitea».













