Majoriko kantxa txikia ireki dute eta gimnasioa urte hasierarako prest
Kantxa txikia irekita, kirol taldeak Majorin entrentzen ari dira atzotik. Gimnasioa eremu berri batean, handiagoa eta makina berriekin irekiko dute, urte hasierarako
Ordiziako Majori kiroldegiko kantxa txikia ireki zuten atzo, berrikuntza lanak amaituta. Jon Ander Caballero kirol zinegotziak esan duenez, «Ordizian kirol talde asko» dago eta «garrantzi handikoa» da «kirol azpiegitura egokiak izatea». Obrak iraun bitartean, kirol taldeek ondoko herrietako kiroldegietan entrenatu dute. Baina dagoeneko erabilera anitzeko espazio berritua lanerako prest dago.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak gogorazi du obrak duela urtebete, iragan urteko azaroaren 19an, hasi zirela. Aurreko udal gobernua zegoenean hasitako lanak dira. Udal gobernu berria osatu eta obra horiek zein egoeratan aurkitu zituzten nabarmendu du alkateak: «Korapilo handi batekin egin dugu topo, baina gai izan gara hori askatu, gainditu eta konpontzeko».
Obrak bi fasetan banatu ziren eta klimatizazioari zegokion partida gutxitu egin zen, aurrekontura egokitzeko. Egoera hori obraren hasieratik jakina zela argitu du alkateak, baina «orain arte ez da konpondu». Azkenean, «kontratua eraldatzeko prozesuari heldu diogu, eta datorren udalbatzan onartuko dugun mailegu berri batekin falta diren lanak burutuko ditugu».
«Korapilo» horiek guztiek, aurreikusita zeuden epeak ezin betetzea eragin dute. Hori horrela, gimnasioaren irekiera atzeratu egingo dela esan dute, eta urte hasieran irekiko dutela: «Klimatizazio lan horien atzerapenak eragin du gimnasioa datorren urte hasieran zabaltzea».
Gimnasioa tokiz aldatuta, handiagoa eta ekipamendu berrituarekin irekiko dute. 81.019 euroko lizitazioa argitaratu du udalak makina berriak erosteko. Funtzio anitzeko makinak, pisuen bidezko erresistentziako entrenamenduko ekipoa eta muskulazio-bankuak eta pisuetarako apalak ere jarriko dituzte, besteak beste.