Patxi Zubizarretak Euskadi Saria jaso du, haur eta gazte literatura arloan
Haur eta gazte literatura arloko Euskadi Saria jaso du idazle ordiziarrak, 'Korri, Kuru, korri!' lanari esker.
Eusko Jaurlaritzak urtero ematen dituen Euskadi Literatura Sariak banatu zituzten atzo, Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian. Sari horietako bat, Goierri aldera etorri da, Patxi Zubizarretak jaso baitu haur eta gazte literatura arlokoa, Korri, Kuru, korri! lanarekin. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak banatu zituzten sariak. Zubizarretarekin batera, Irati Elorrieta, Ramon Eder, Juan Carlos Etxegoien ‘Xamar’, Daniel Innerarity, Asisko Urmeneta eta Isabel Etxeberria izan dira sarituak.
Epaimahaikoak Zubizarretaren “hizkuntzaren erabilera aberats bezain zehatz eta doia” goraipatu du, eta “lan bikaina eta ezinbestean nabarmentzekoa” dela azpimarratu. Zubizarretak 18.000 euroko diru saria jasoko du, eta baita beste 4.000 euro ere, saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.