Tuduriren lanari aitortza, mende baten ondoren
Burdinola elkarteak antolatuta, etzi, Elena Tudurik egindako etnografia lanaren berri emango du Emilio Latorrek kultur etxean, 19:00etan. Tudurik 1920an ondutako ikerlana argitaratu zuen bilobak.
Elena Tuduri Tolosan jaio zen, 1893an. Goi mailako ikasketak egin zituen Madrilgo garaiko irakasle eskolan eta karrera amaierako lana, etnografiaren esparruan, euskal jantziei buruz egin zuen: El traje y otros asuntos de etnografia vasca. Lana, garaiko aditu askok beren lanetan aipatu bazuten ere, ez zen sekula argitaratu. Orain bi urte Emilio Latorre bilobak (Tolosa, 1961) argitaratu zuen. Burdinola elkarteak gonbidatuta, amonaren lanari buruzko hitzaldia egingo du Latorrek etzi, kultur etxean.
Amonaren Madrilgo etxeko liburutegian aurkitu zuen Latorrek ikerlana. Artean gaztea zen eta tiradera batean gorde zuen. Haatik, noizbait ikerlanarekin zerbait egingo zuela jakin bazekien. Senideek amona nor izan zen jakin zezaten nahi zuelako eta amonak egindako lanari aitortza egin nahi ziolako, azkenean, bibliografia eta aipuak gehituta, lana argitaratu zuen.
Tuduriren ikerlanak, jantzien bitartez, XX. mendeko euskal nekazaritza eremuetako ohituren berri eman zuen. Izan ere, jantziez harago bestelako oihalei buruzko informazioa jaso zuen, hala nola heriotza oihalak eta ohazalak. Haien bitartez heriotza eta ezkontza erritualak nolakoak ziren deskribatu zuen bai hitzez, bai Tudurik berak egindako marrazkien eta argazkien bitartez.
Latorrek amonaren idazmakina eta Kodak argazki kamera eramango ditu hitzaldira eta hitz bakoitzean Tuduriren memoria ekarriko du gogora, alegia, garairako aitzindaria izan zen andre, ikerlari, irakasleen irakasle, bost seme-alaben ama eta emazte izan zen emakumearena.