Zaldibiako plaza aldea nola berritu zehazteko prozesua bihar hasiko da
Partaidetza prozesu batean diseinatuko dute plazaren itxura, baita zer baliabide edo gune izan behar dituen ere. Sektoreka bilduta, ekarpenak jasoko dituzte lehen fasean
Zaldibian aspalditik langai den proiektu bati aste honetan helduko dio udalak. Plaza eta bere ingurua diseinatzeko parte-hartze prozesua egingo dute, bi pausotan. Lehenbizikoan, bihar hasita, herriko kolektiboekin edo sektoreekin batzarrak egingo dituzte, ekarpenak jasotzeko. Geroago, batzar irekian bateratuko dituzte beharrak eta ideiak.
Udaletxea eta beste zenbait zerbitzu aterpetuko dituen eraikina altxatzen ari dira. 2020ko urrirako bukatzea da aurreikuspena. Bien bitartean, plaza nola berritu eta nolakoa izango den zehaztu nahi dute. Hiritik At kooperatibak gidatuko du prozesua, eta udalak izendatutako talde eragilea alboan izango du, «prozesuaren jarraipena, sustapena eta ebaluazioa egiteko».
Diagnosiak bilduko dituzte egunotan, bilera txanda batean. «Plaza eraberritzeko gakoak, ideiak eta lehentasunak zehaztea litzateke prozesu honen helburu nagusia etorkizunean garatuko den plaza berriaren oinarriak finkatzeko», dio udalak.
Bilerak aste honetan
Dauden beharrak eta kolektiboek nahiz elkarteek dituzten ideiak jasoko dituzte. Bihar hiru kolektiborekin batzartuko dira gidariak eta talde eragilea: haurrak (Lardizabal eskolan), plazako gurasoak (16:30, Karreanen) eta emakumeak (17:00). Ostegunean, lehenik adinekoekin (17:00) eta ondoren kultura elkarte, elkarte eta ostalariekin (19:00). Karreanen, denak. Komertzioetara bertara joango dira, ekarpenak jasotzera.
Foro ireki bat egingo dute herritar guztientzat, 1. fasea osatzeko: abenduaren 12an, osteguna, 19:00etan. Jasotako edukia lantzen urte berrian hasiko dira, beste saio ireki batean. Plaza berriaren diseinua martxo alderako aurkeztea da asmoa, azkenik.