Berdinen arteko saio berezia
Atzegiren aldeko lehen jaialdia egingo dute bihar Lazkaon. Adimen urritasuna dutenei laguntzeko izango da, 'Denok berdinak gara' goiburuarekin. Artista ugari dira partaide
Adimen urritasuna duten pertsonen alde lanean ia 60 urtean diharduen Atzegi elkarteak babes handia jasoko du, bihar, Lazkaon. Denok berdinak gara izeneko jaialdia antolatu dute zazpi herritarrek, Imanol Garmendia buru dela. Hamaika talde, elkarte, erakunde eta artista sartu dituzte elkartasun jaialdian, eta, denen artean, Areria antzokia txiki utziko dute. Sarrera guztiak agortu dira dagoeneko.
Atzegiren helburuekin bat eginez, adimen urritasuna duten lagunak protagonista bihurtzea da lehentasuna «Dirua biltzea garrantzitsua bada, eta lortzen den guztia Atzegirentzat izango da. Baina garrantzitsuagoa da eurek parte hartzea», dio Imanol Garmendia bultzatzaileak.
Jaialdia, berez, plazan hasiko da. Bihar arratsaldean Esparru elkartean meriendatuko dute partaideek. 19:00ak aldera, kalean zain izango dituzte Batukaleroak batukadakoak eta Lazkaoko Erraldoi Konpartsa. Kalejiran Areriara joango dira.
Denetariko ikuskizunak
Behin antzokian, ohorezko aurreskua dantzatuko diete Atzegiko kideei Oin-Arin dantza taldekoek, eta jarraian hasiko da ikuskizuna. Gonbidatu ugari izango dira, baina beti erdigunean Atzegiko lagunak jarrita.
Bideo bat emango dute, eta elkarteko haurrak irtengo dira gero, Txoria txori abestera. «Zortzi haurrekin hasi ginen honekin, eta jada 30 ume eta heldu badira. Asier Gozategi trikitilariak eta bere lagunek pare bat pieza joko dituzte.
Bakarrizketen atala Gorka Zufiaurre urretxuarrak aurkeztuko du, eta hiru ariko dira: Jon Martinez Txiki, Mario Simancas eta Garmendia bera. Sorpresak ere prestatu dituzte. Nereak eta Izarrek koreografia egingo dute.
Atzegik ia 60 urte daramatza adimen urritasuna dutenak gizarteko kide bihurtzen. «Halako ekimenek laguntzen dute. Guretzat gauza inportateena gizarte inklusiboagoa lortzea da. Era berean, Atzegitik euren bizi kalitetatea hobetzeko eta euren errelitatea gizartera hurbiltzeko lanean ari gara», aitortu du Atzegiko teknikari Susana Velascok.
Gipuzkoan 2.307 bazkide eta 10.304 atzegizale ditu; Goierrin 121 kide eta 619 zale; Lazkaon, 12 bazkide eta 38 zale.
Kepa Zubiarrain alkateak jaialdia lehen aldiz antolatzea eskertu du, eta gehiagoren hazia izan dadila opatu die.