Gaztetxea, atxiloketak eta saririk gabeko lehiaketa
Beasaingo gaztetxearen inguruko lehen berriek, Ordizian izandako atxiloketek eta Gazta lehiaketako lehen saria hutsik gelditu izanak hartu zituzten gaur hamabost urteko Hitzaren orrialdeak.
Hamabost urteko ibilbidean, makina bat gizarte mugimenduren lekuko izan da Hitza, eta horren adibide da Beasaingo Gaztetxearen sorrera. Gaur hamabost urte, lehen asanbladen eta udalarekiko harremanen inguruko berri eman zuen egunkari honek. Beasainen urte askoan “gazteen inguruan hutsune bat” egon dela zioten eraikina okupatu berri zuten gazteek, eta gaztetxe baten eskaria aspalditik bazetorren ere, “udalaren partetik erantzunik ez” zutela jaso zioten, eta horregatik erabaki zutela eraikina okupatzea. Udalaren partetik, Peio Garaialdi kirol eta gazteria arloko zinegotziak, ulertzen zuen “gazteek topaleku bat behar” zutela, baina “programa bat aurkeztu eta gazteekin akordio batera” iristeko beharraz mintzo zen.
Politika arloko albisteak ere ekarri zituen gaur hamabost urteko Hitzak. Andoni Urrestarazu eta Alaitz Iturriotz ordiziarrak espetxera bidali zituzten, Baltasar Garzon epailearen aurrean deklaratu eta gero, ETAri laguntza ematea leporatuta. Ezker abertzaleak prentsa aurreko agerraldia egin zuen, “Ordizian egon den salbuespen egoera” salatu eta “muntaia poliziala” salatzeko. Bi atxilotuak askatzeko eskatu zuten, eta haien senitartekoei elkartasuna adierazi.
Bestalde, Gazta Txapeldunen lehiaketa egin zuten Ordizian. Azken 10 urteetan Ordiziako Euskal Jaietako lehiaketan irabazle izandako gaztagileek parte hartzen dute bertan. Urte hartan, ordea, epaimahaikoak saririk ez ematea erabaki zuen, aurkeztutako gaztek behar adinako puntuaziorik lortu ez zutela eta. Zilarrezko saria Jesus Aranbururi eman zioten, eta brontzezkoa Maria Angeles Iñurrategiri. Ezti lehiaketa ere egun berean egin zuten, eta Segurako Ageda Zeberiok lortu zuen aurreneko saria.