Goierri zutik jarriko da berriz ere, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko
Ekitaldi ugari antolatu dira eskualdean, azaroaren 25eko egunari begira. Goierrin 89 indarkeria kasu erregistratu dira 2018an.
Azaroaren 25a,astelehena, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da. Ospakizun eguna baino, aldarrikapenerako eguna izango da. 25ean bertan Goierriko herri guztietan egingo dira elkarretaratzeak eta beste hainbat ekintza ere. Errelitateak aurkezten dituen datuak hortxe daude eta gizartea horren aurrean geldi egongo ez dela oihukatuko du horrela.
Hilketa matxisten datuak 2.003 urtetik hasi ziren ofizialki jasotzen. Harrezkero, Espainiar Estatuan 1.000 emakume hildakoen muga gainditu da jada. Azaroa hasieran, 1.026 ziren gizonen eskutan hildako emakumeak. Hilabetea amaitzeko astebeteren faltan, datu horrek gora egin du seguru. Emakundek aurkeztutako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 102 dira indarkeria matxistak hil dituen emakumeak. Beste datu bat ere gehitzen du Emakunderen txostenak: hildako haurren kopurua. Indarkeria matxistak emakumeak bakarrik ez, haurrak ere hiltzen dituelako. EAEn 11 ume hil ditu matxismoak.
Genero indarkeria Goierrin
Goierrin ere egiten dute datuen bilketa. Goierri behean (Olaberria, Zaldibia, Zegama, Legorreta, Ataun, Ormaiztegi, Idiazabal, Lazkao, Beasain eta Ordizia), Genero Indarkeriaren Aurkako Koordinazio Mahaiaren bitartez egiten da. 2.018. urteko datuei errepaso eginez, genero indarkeriaren 55 kasu dituzte jasota. Datu horiek iturri desberdinetatik jasoak dira eta Ertzaintzak erresgistratu zituen kasu gehien (%68). Beste iturriak ondorengoak dira: Gizarte Zerbitzuak, udaltzaingoa, epaitegia, osakidetza eta GLZ. 2018an Antzemandako 55 kasutatik, 26 desbideratu ziren Gizarte Zerbitzuetara (%47) eta 14 asistentzia sikologikora. Erregistroen %24k ez du deribazioen gainean informatzen. Txostenak zehazten du 2015. urtetik «kasuen goranzko joera» dagoela eta 2018an behera egin zuen. 2015ean 23 kasu erregistratu zituzten, 2016an 40, 2017an 62.
Goierriko gainontzeko herrietako datuak, Goierri Garaiari dagozkionak, Emakundeak jasoak dituenak dira. 2.018 urtean, Legazpin 18 kasu erresgistratu zituzten, Urretxun 7, eta Zumarragan 9.
Eskualdean gertatutako indarkeria matxista kasuak erregistroak gehituz gero, 2018an 89 izan ziren. Dena den, errealitatea hori baino larriagoa da. Kontutan hartu behar da erregistratutako datuak baino ez direla eta asko eta asko direla, indarkeria matxista pairatu eta horren berri ematen ez duten emakumeak.
«Fenomeno transkulturalak»
Azaroaren 25aren harira Ordiziako Udal eta talde eragileetako ordezkariek gogorarazi zuten «indarkeria matxistaren aurka denok partaide izan behar dugula». Indarkeria sexista, «gizonen eta emakumeen arteko botere harremanen desorekaren adierazgarri da». Baita emakumeen «mendekotasuna betikotzeko tresna ere».
Gaiaren larritasunaz jabetzeko datu bat: «Nazio Batuen Erakundeak dio emakume eta haurren %70ak indarkeria fisikoa edo sexuala jasaten dutela bere bizitzan». Honakoa, fenomeno transkulturala da, erlijioak, legeak, klase sozialak eta kulturak zeharkatzen ditu».
Beasainen 425 metro hari mataza ehundu dituzte
Beste urte batez, Beasaingo Asmube emakume elkarteko kideek,,Beasaingo Udalaren Berdintasun sailarekin batera, Aski da! lelopean, indarkeria matxistaren aurkako hari matazak egin dituzte. Beasaindar ugari aritu dira bai etxean bai asteazkenetan udaletxeko beheko gelan hari matazak ehuntzen. Aurten, guztira, 425 metro ehundu dituzte.
Iaz 300 metro egin zituzten eta plazako barandilla txiki geratu zen guztia zintzilikatzeko, eta aurten, Igartza inguratu nahi izan dute, «mundu osoari bat eginik gaudela eta gaitz honi amaiera emateko borrokan jarraituko» dutela adierazteko, Metro gehiago bai, baina bat gehiago ere ez! oihukatzeko.
Asmubeko emakumeak gustura daude aurten ere kanpainak izan duen erantzunarekin, eta Beasaingo emakumeen artean sortu den giroarekin. Igartzako jauregia eta ermita apaintzeaz gain, plaza inguruan ere jarriko dituzte hari matazak astelehenean.
Azaroaren 25ari begira, Asmubek ekitaldi gehiago ere egingo ditu datozen egunetan: gaur, pankarta egingo dute esku moreekin, bihar abesbatzen kontzertuak izango dituzte eta astelehenean, elkarretaratzea egingo dute.
Baita Ordizian ere
Ordizian ere ehundu dituzte indarkeria matxistaren aurkako matazak. Datorren asteartean, hilaren 26an, 11:00etan, Zuhaiztiko zuhaitzak apaintzeko topaketa egingo dute.
Indarkeria sexistaren aurkako tailerrak Goierrin
Abenduaren 7an, indarkeria sexistaren aurkako egunaren bueltan bi tailer antolatu dituzte Legorretan. Autoestimu feministarako tailerra izango da bata. 09:30etik 13:30era izango da, kultur etxean. Emaginek gidatuko du saioa. Adin guztietako emakumeei dago zuzenduta.
Bestalde, maskulinitate berrien tailerra ere egingo dute egun berean. 10:30etik 13:30era izango da, udaletxean. Emaginek zuzenduko du bigarren hori ere. Adin guztietako gizonei dago zuzenduta.
Izen-ematea zabalik dago bi tailerretan azaroaren 29a arte. Horretarako 943 08 52 90 telefonora deitu edo gizarte@legorreta.eus epostara idatzi ahalko da.