Goiz hotza eta argitsua neguaren atarian
Mikologia atala aberats atzo, nahiz eta hemengo perretxiko gutxi agertu. Eztitan ere aukera zabala dago, Jon Etxeberriaren eskutik.
G oiz hotza, izotzak zurituta ere azaldu ziren hainbat txoko, baina hegotik zetorren haizea lagun, ez zen luzez hain hotz mantendu, 8 gradu goizeko 10etarako. Hegotik etorritakoa bazen ere, «Elur gaineko haizeak otsoa ere ikaratzen du» aspaldiko esana entzun genuen, hemendik aurrera ondo jantzita etortzea komeni dela oroitarazten diguna.
Barazkietan azpimarratzeko berezirik ez, euriak kaltetu ditu zenbat azalore, aza, eskarola… «Usteldu, itxusitu eta saltzeko moduan behintzat ez», zioen saltzaile batek; hala ere aukera polita zegoen.
Frutetan, sagarra (1,5-3 euro kiloa), udarea (2-2,5€/k), mizpira (3€/k) jateko puntuan postu dezentetan, eta kiwia (3€/k) ere biguntzen hasia da. Oraintxe arte Aramako Arantxa Zurutuzak Goiko Etxeberriko marrubiak salgai izan ditu, «bi aste hauetan euriarekin ondatu egin dira eta ez dira gorritu baina oraindik ale ederrak badaude baratzean». Ikusi beharko da horiek jateko puntua hartzen ote duten, bestela datorren udaberrian berriz hemengo izango dira berri berriak.
Mikologia espezietan aukera handia zegoen atzo. Hemengoak, 6 kilo onddo (25-35 euro artean kiloa) eta esnegorri kilo bat, 15 euroan. Kanpotik inguratutakoak, berriz, askoz ere gehiago: 400 kilo onddo (10-28 €/k), 30 kilo zizahori (22-24€/k), 54 kilo esnegorri (15 €/k), 18 kilo mendiko angula (15-22 €/k), 8 kilo saltsa perretxiko beltza (22€/k), 5 kilo kardu perretxiko (15 €/k), 10 kilo gorringo (28 €/k) eta gutxitan ekarri ohi duten oin urdina, Lepista nuda, 4 kilo (12 €/k).
Erlebeltzaren eztia
Azokan eztia saltzen duen Jon Etxeberriak atzo kontatu ziguna: «Erlebeltza, hauxe da hemengo gure erlea». Zergatiaz galdetuta, «hemengo klimara egina dago, gaixotasunei besteek baino hobeto egiten die aurre, karakter gogorrekoa da, baina zaintzea merezi du». Helburu horrekin antolatu ditu Erbel elkarteak hilaren 23an eta 24an jardunaldiak. Erle mota honekin aritzen da Jon, eta bost ezti mota aukeran jartzen ditu astero: Nafarroako erromero eztia, ezkai eztia, abuztuko mila lorea, Ataungo mila lorea eta Arabako ameztiko ezti-ihintza edo mielatoa. Kiloko potea 12 euroan du salgai, 480 gramokoa 6,5 euroan, eta 320koa 5 euroan; baita propoleoa ere, (15ml.koa 7 euroan eta 30 ml.koa 10 euroan). Polena eta jalea enkarguz ekartzen ditu.
Erregina amekin lanean aritu denez, aurten ezti gutxiago egin du Etxeberriak, baina segituko du oraindik ere astero Tolosako eta Ordiziako feria hauetara etortzen, «oso gustura gainera».