Miriam Inzak komunikazioari buruzko erakusketa ireki du
Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan egongo da ikusgai, abenduaren 1a arte. Erakusketa honek udalaren, jaurlaritzaren, Bilbao Arteren eta EHUren babesa du
Miriam Inza artista urretxuarrak Prohibido fijar carteles erakusketa ireki du Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Komunikazioari buruzko proiektu honek Urretxuko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bilbao Arteren eta EHUren babesa du. Erakusketa abenduaren 1a arte egongo da zabalik: asteartetik igandera, 17:30etik 20:30era.
Inzak Sorkuntza eta Diseinua ikasi du EHUren Arte Ederretako fakultatean. Ondoren, arte ikerkuntzan masterra egin du. Arte Ederren ikasketak ez zituen konbentzimendu osoz hasi, baina mundu hori asko gustatu zaio. Aurkitu dudana interesekoa iruditu zait eta horretan jarraitu nahi dut lanean. Diseinu grafiko eta arte grafiko mundua, inprenta mundua, asko gustatzen zait. Horren inguruan, komunikazioa, enkriptatzea, kodeak, hitz-jokoak…—.
Doktorego tesia hasi du. Komunikazio jardueretan interferentziak sortuko ditut praktika artistikoaren bitartez. Interferentziak sortzen direnean, arreta areagotzen da eta arreta horri esker komunikazio jardueretan dauden elementuak hobeto antzematen ditugu—.
Urretxun ireki duen erakusketa tesiaren inguruan garatu du. Ariketa batzuk dira. Komunikazio jarduera aztertu nahi dut. Horretarako, Whatsapp elkarrizketa bat, erakusleiho bateko kartela… jarri ditut. Ikuslearen erreakzioa aztertu nahi dut. Erakusketa interaktiboa da—.
Koloretako betaurrekoak
Erakusketaren sarreran koloretako betaurrekoak jarri ditu, ikusleentzat. Trikimailu bat da. Betaurreko gorriak jartzen dituzunean karteletako testu gorria ez da ikusten eta urdinak jartzen dituzunean letra urdinak dira ikusten ez direnak—. Erakusketako posterrak hiru eratara irakur daitezke, beraz: betaurreko gorriekin, betaurreko urdinekin edo betaurrekorik gabe.
Inzak komunikazioan, begi bistan dagoen geruzaz gain, beste geruza batzuk daudela eman nahi du aditzera.
Erakusketaren izenburuari dagokionez, erakusketa prestatzen ari zen bitartean gertatutakoarekin du zerikusia. Serigrafia bidez posterrak egin nahi nituen eta poster hauek aretoko horman itsatsi, kalean bezala. Kartelak kentzea oso zaila izango zela konturatu nintzen eta alternatiba bat aurkitu nuen. Hala, kartelak zintzilikatu egin ditut, itsastea debekatuta egongo balitz bezala—.