Berrerabilpena sustatzeko bi Trukegune jarri dituzte Legazpin
Laubidekoan egin dute aurkezpena. Bestea Kale Nagusia eta Nafarroa kalea lotzen dituen pasoan ipiniko dute. Domingo Agirrek eta Garaguneak lagunduko diote udalari
Trukegunea aterik gabeko armairua da. Legazpiko bi puntutan bana jarri dute: Laubiden eta Kale Nagusia eta Nafarroa kalearen arteko Txominen pasoan. Armairuan berrerabili daitezkeen objektuak egongo dira, legazpiarrek har eta utz ditzaten. Ekimena Kutxa Ekoguneak sortu du, eta Legazpiko Udala batu egin da. Ekoguneko Amaia Otazoren hitzetan, «Legazpiko Udalak ausart jokatu du eta Trukeguneak kalean jarri dituzte; beste udalerri batzuetan, esaterako, kiroldegietan jarri dituzte». Legazpiarrek komunean izango dituzten espazioak dira, eta elkarrekin zainduko dituzten ikuskizun dago. Dagoeneko erabili ez, baina egoera onean dauden objektuak uzteko espazioa da, eta objektuak hartzeko espazioa da aldi berean.
Koldobike Olabide alkateak azpimarra egin zion aurkezpenean Garagunetik jaso duten laguntzari, baita Domingo Agirre eskolak emandako babesari ere. Aurkezpenean bi eragileon ordezkariak zeuden. Ikastetxe publikoko zuzendari Itziar Etxezarretak eskola komunitatean lanketa egingo dutela esan zuen, «gure gurasoa den Maite Izquierdok Insausti tabernako ugazaba zainduko du Laubideko Trukegunea». Garaguneko kideek Txomin Pasokoa txukun mantendu eta zainduko dute; hango erabiltzaileek esan zuten ilusioz hartu dutela erronka. Egitasmoa Legazpi 2030 proiektuaren barruan kokatu zuen Olabidek, baita Europako Hondakinen Prebentzioaren Astearen barruan ere.
Otazok Ekogunearen helburuak zehaztu zituen: berrerabilpena, kontsumo ohituren aldaketa elkartrukerako ohitura berreskuratzea eta autogestioa erabilera komuna sustatu. Gabonen ostean Trukeguneen esperientzia baloratuko dute.
Objektuen zerrendak:
Utzi daitezkeenak
Berrerabili daitezkeen objektuak, egoera onean daudenak : liburuak, musika eta CD originalak, etxetresna elektriko txikiak, elektronika –sakelakoak, irratiak, mp3ak, telebistak–, brikolaje eta lorezaintza tresnak, kirol eta aisialdi produktuak, musika tresnak, apaingarriak eta jostailuak.Utzi ezin daitezkeenak
Berrerabilpena beste bide batzuetatik egiten denean edo ezinezkoa denean: arropa –galtzak, gona, elastikoak, soinekoak, berokiak, oinetakoak…–, janaria, osasun eta garbitasun produktuak, animalientzako produktuak, poltsa edo kaxetan pilatutako objektuak, ipinitako armairuan kabitzen ez diren objektuak, egoera onean ez daudenak.