Historiaren errotarria biraka ari da
Zortzigarren urtez, memoria historikoa jorratzeko 'Iragana gogora ekarriz' egitaraua landuko dute Ataunen. Asteartean hasiko da, kontrabandoaren bilakaera eta aldaketaz hitzaldia eginez.
Aldaketa batzuekin garatuko dute aurten Ataunen memoria historikoari eskaintzen dioten Iragana gogora ekartzen zikloa. Zortzigarren aldia izango du, 2012tik urtero antolatu izan baita. Baina ekitaldi gehienak astebetean batuko dituzte, datorrenean. Aian orain arte urteko azken egunetan egin ohi zen omenaldi-ekitaldia, adibidez, abenduaren 1ean izango da.
Indar gehiago eman nahi diote gerra jasan zuten herritarrei egiten zaien omenaldiari, eta herritar gehiago joatea da antolatzaileen nahia. Bideo bat lantzen ari dira, eta Otsoak dantza taldea ari da ekitaldia gorpuzten. Murkondo, Atauniker, Biboletak eta Haitzarri elkarteak, eta Memoria Historikoa Lantaldea dira antolatzaile, udalak babestuta.
Hitzaldia errotarriaren figuraren bueltan pentsatu dute, asteartean. Aitor Aldasorok (Murkondo) hitz egingo du, Biboletak elkartekoek lagunduta. «Lotura errotak izango dira. Historikoki errotak non eta zergatik kokatu zituzten, nork kudeatzen zituen eta zer interes zegoenetik hasi, eta kontrabandora arteraino», aurreratu du Aldasorok.
Kontrabandoaren papera
Gerra ondoren, errotak zigilatuta egon zirenean, kontrabandoa edo estraperloa zabaldu zen. Baina Ataunek betidanik izan du kontrabandoarekin lotura estua, Nafarroarekin mugan egoteagatik. Hitzaldia ez da iragan historikoan geratuko, ezta gerra garaian ere; gertuagoko arazo sozialak ere jorratuko dituzte.
«Kontrabandoa lehenago, familiarako jana ekartzeko modu bat zen. Denborarekin norantz joan den aztertuko dugu. Besterik baita trafikoa. Zeren, Ataunen ere izan direlako trafikatzaileak, droga ekartzen zutenak edo Portugaldik emakumeak ekartzen zituztenak behartutako prostituzioan aritzeko».
Nerea Elias eta Ainara Gorostitzuren liburutik, Inazio Munduateren lanetik eta herritarren testigantzetatik hartu ditu datuak Aitor Aldasorok.
Musikaren atalean, Joseba Tapiak Vint anys ekimeneko kontzertua joko du, Herri Antzokian. Bere musika ibilbidearen bilduma moduko bat eskainiko du, 10 musikarirekin batera. Abenduan, azkenik, elkarbizitzaz mahai-ingurua izango da.
· Azaroak 26, asteartea. ‘Errotarriak. Ataun, kontrabandisten historia ehotzen’ hitzaldia. Murkondo eta Biboletak elkarteetako kideek. Barandiaran Museoan, 19:00etan.
· Azaroak 29, ostirala. Joseba Tapiaren eta taldearen ‘Vint anys’ kontzertua, ‘Gerrako hotsak’ atalean. Herri Antzokian, 22:00etan. Sarrerak salgai dira.
· Abenduak 1, igandea. Gerraren ondorioak jasan zituztenei omenaldia. Memoria historikoaren Aiako oroitarrian, 12:00etan.
· Abenduak 12, osteguna. ‘Bizikidetza lantzen’ mahai-ingurua, Errenteriko, Tolosako eta Zumarragako alkateekin. Udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan.