Gorka Gomez legazpiarrak jaso du Argizpiren argazki rallyko lehen saria, Beasainen
Gomezekin batera, Javier Quiros eta Jose Antonio Fernandez ere saritu dituzte, lehiaketa nagusian. Lehen beasaindarra Lourdes Losada izan da.
Argizpi argazkizale elkarteak atzo iluntzean banatu zituen, Beasainen, azaroaren 2an egindako argazki rallyko sariak. Denera 33 argazkilarik parte hartu zuten. Lehenengo saria Gorka Gomez argazkilari legazpiarrak jaso du. Bigarren Javier Quiros izan da, eta hirugarren Jose Antonio Fernandez. Horiez gain, Lourdes Losadak ere jaso zuen oroigarria, lehenengo beasaindar bezala.
Bost gai jarri zizkieten rallyan parte-hartzaileei: odolkia (Odolki Lehiaketa jokatu zen egun hartan), Igartzako monumentu multzoa, sakelako telefonoa, mugimendua eta irudi geometrikoak. Argizpiren rallya, herriz herriko lehiaketarako ere puntuagarria izan da.