Jakinmina piztu du erle beltzaren hazkuntzaren jardunaldiak
Erbel elkarteak antolaturiko hitzaldi sortara 80 erlezain bildu dira, Euskal Herri osokoak. Zaldibiako Goizane eraikinean egun osoko jardunaldia egingo dute gaur, erreginak norberak ateratzeko tekniken ikaskuntzan oinarrituta, batik bat.
Goizane eraikineko areto nagusia txikitxo geratu zaie erlezainei, gaur, Erbel elkartearen erleen hautespenari eta genetikari buruzko jardunaldian. 80 erlezain ari dira parte hartzen, Euskal Herri osotik etorriak. Erle Beltz Hazleen Elkarteko (Erbel) koordinatzaile Egoitz Galartzak harrera egin ondoren, Andone Estonba EHUko Genetika katedradunak erleen jatorria azaldu du. Europan zabaldutako bertako espezie autoktonoa da erle beltza, Euskal Herrian gaur egun erlezainek dauzkatenak. Beste espezie batzuen hibridazioa saihestu, eta haren genetika garbi mantentzeko beharra azaldu du.
Bestetik, Giller Fert erlezainak bi hitzaldi egingo ditu, erreginen erabileraz eta hazkuntzaz, eta Mikela Untsainek etxerako erreginak nola ekoitzi azalduko du, arratsaldean.
“Erreginak sortzea da gure kasuan animaliak garraiatzeko dugun modua. Ez daukagu erlauntza osoa mugitu beharrik, nahikoa da kaxa txiki batean erregina sartu eta eramatea. Lanketa hori egin litekeela eta nola egin litekeen azaltzea da asmoa”, azaldu du Garikoitz Galartza albaitari, erlezain eta Erbeleko koordinatzaileak. “Beste herrialde batzuetan, ohituagoak daude horrelako gai teknikoagoetara eta erreginak erabiltzera; gure inguruan ez hainbeste, eta helburu bat da geuk ere egin dezakegula ikustea eta ikastea”.
Ipar Euskal Herritik dozena bat erlezain etorri dira (Erbeleko 31 bazkideen artean herena hangoa da), baita Gipuzkoatik, Nafarroatik, Bizkaitik eta Arabatik ere.
Bihar, Erbelek barrura begira egingo du jardunaldiaren bigarren eguna. Barne funtzionamendua, elkartea nola gorpuztu eta zer zerbitzu eskaini bazkideei landuko dute, 2020. urteari begira. 2017an sortu zuten Erbel, eta Zaldibiako Goizanen du egoitza.