Ormaiztegiarren dotoreziak blaitu du festen lehenengo asteburua
Eleganteen Eguna ospatzen ari dira gaur Ormaiztegin. Euria zarra-zarra aritu arren, XIX. mende bukaerako eta XX. hasierako galazko soinekoekin eta trajeekin atera dira herritarrak. Eleganteen 7. Bilkura egin dute, Zumalakarregi Museoak antolatuta.
Frakak, hegal zabaleko kapeluak, lumak, brodatutako alkandorak, hamaika tolesturadun soinekoak, kapela beltz luzeak… Garai bateko Ormaiztegin ikusi ohi ziren galaiak itzuli dira gaur herrira, Eleganteen Egunaren harira, eta Zumalakarregi Museoak antolatutako Eleganteen 7. Bilkuraren aitzakian. Eliz atarian elkartu, eta argazkiak ateratzea egin dute lehenengo lana. ‘Photocall’ modernoaren gidari, Angel Elortza argazkilaria, traje eta guzti.
Pintxo eleganteen lehiaketa ere egin dute. Hiru tabernak parte hartu dute aurten: Itxunek, Eskola Zaharrak tabernak eta Muruak. Horietara bisita egin dute galaiek. Bainuetxea zegoen tokiraino ez dira igo, euria gogotik ari baitzuen. Udaletxearen aurrean, bestetik, antigoaleko sei auto jarri dituzte erakusgai.
Honako egitaraua daukate gaur-biharretan, San Andres jaietako lehenengo asteburua osatzeko:
Azaroak 24, larunbata, XIX. mendeko eleganteen VI. bilkura:
· Egun osoan zehar: Photocall-a XIX. mendeko dekoratuekin, garaiko autoen erakusketa, Balneario de Ormaiztegi erakusketa eta Euskaraldia photocall-a, Muxika egurastokian.
· 12:00-15:00: Jundajo txarangak kaleak alaituko ditu.
· 12:00-14:00: Pintxo eleganteen V. lehiaketa. Arana, Murua, Eskola Zaharrak eta Itxune tabernetan. Pintxoen osagai nagusia piperra izango da.
· 12:30: Paseo elegantea, udaletxetik bainuetxeraino.
· 14:30: Eleganteen bazkaria, karpan.
· Bazkalondoren: Bingo herrikoia.
· 17:00: Haurrentzako tailerra, eliz atarian.
· 17:30: Txokolatea eta Bolatuen prestaketa eta dastaketa, eliz atarian.
· 23:30: Kontzertuak, gazteek antolatuta, karpan: Guri5! eta Stepi Selektah.
Azaroak 25, igandea:
· 12:00: Haurren danborrada, herriko kaleetan zehar.
· 18:00: Goruntz taldearen saioa, Zubipe kiroldegian.