Txakurrak heztearen sekretuak, Arriaranen
Aritz Ganboa artzain eta txakur hazle nafarrak animalien obedientzia nola irabazi azaldu du.
Txakurrak gero eta ugariago daudela eta, haiek nola trebatu eta egoki erabili azaltzeko ikastarotxoa eman dute, gaur goizean, Arriaranen. Arruazuko (Nafarroa) Aritz Ganboa artzainak azalpen argiak eta zuzenak eman ditu. Batetik, maskota gisa txakurra daukatenentzat; bestetik, ardiak gobernatzeko lanerako erabili nahi dituztenentzat. Euri jasatik babestuta, lehenbizi Arriarango elizako atariaren aterpean eman ditu oinarrizko ikasgaiak.
Garrantzitsuena, txakurraren obedientzia lortzea. Txakurrak nagusiari obeditzea gakoa dela esan du. Jende asko dagoen lekuetan, lotuta erabiltzea komeni da, %100eko kontrola edukitzeko txakurrarengan. “Nagusiak jakin behar du animaliek ere gizartean gatazkak sortzen dituztela, gizakiok sortzen ditugun bezalaxe, bai pertsonekin, bai beste animalia batzuekin. Txakurra edukitzea erabaki pribatua da, norberak aukeratu duena”, azaldu du Ganboak.
Adibide praktikoak ere jarri ditu, bere txakurrarekin. Alboan baina nagusia aurreratu gabe ibili beharra, buztanaren posizioek zer esan nahi duten, agintari papera nork duen erakustea… Maisu-klase argigarria eman du. Lanerako behar den kasuan, aldiz, aske ibili beharra dagoela defenditu du.
Ondoren, alboko zelaiko esparruan, ardi batzuekin erakutsi du hazleak txakur bat nola egokitu eta trebatu lanerako.
Arriaranen, bestetik, Dizebi artistak Intxaurrondo pilotaleku buruko kanpoaldeko horman margotu duen irudia ere ‘estreinatu’ dute. Azalpenak eman ditu Igor Rezolak berak.