Tratu txarren kontra ahotsa altsatuz
Azaroaren 25a da gaur, Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko eguna. Duela 15 urte ere, hainbat ekitaldi egin zituzten Goierrin.
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna da gaur. Eta duela 15 urte ere, “genero indarkeria” eta “emakumeen kontrako tratu txarrak” –horrela izendatzen zuten orduan– salatzeko hainbat ekintza egin zituzten Goierrin. Ordizian, esaterako, emakume taldeek deituta bilkura egin zuten plazan, feriarekin bat eginez. Horrez gain, hainbat panel jarri eta performance bat ere egin zuten. Urretxu-Zumarragan berriz, indarkeria mota horren aurkakako sinadura bilketa egin zuten.
Bestelako gaiak ere jorratu zituen Hitzak, gaurko egunez. Goierriko 17 herri plataformatako ordezkariak prentsaren aurrean agertu ziren, “Zabor bilketan diskriminaziorik ez” lemapean, herri txikientzako kostu “justuagoak” eskatzeko. Hala, zabor bilketaren gaineko tasa, biztanle kopuruaren arabera aplikatu beharko litzatekeela azaldu zuten, herri handien eta txikien arteko “desoreka” gainditze aldera.
Kultur arloan, Legazpiko Alaitasuna Errondailak 40 urte bete zituela eta, jaialdi berezia iragarri zuten asteburu hartarako. 1964an Juan Bautista Armendarizek taldea sortu zuenetik ordura arteko errepasoa egin zuten errondailako kideek.