Zumarragako Trikitixa eta atxilotuen testigantza
Zumarragako Trikitixari omenaldia egin zioten, Santa Lutzi egunaren atarian. Ordizian, Balerdik eta Cobosek atxiloaldian pasatako "infernua" salatu zuten. Eta Murumendi ikastetxean, mahai-ingurua egin zuten, txirrindulari ezagunekin.
Trikitiaren historian toki berezia izan du Zumarragako Trikitixak, hainbat hamarkadatan egindako ibilbide luzeari esker. Duela 15 urte, omenaldia egin zitzaien Zumarragan, Santa Lutzi egunaren bezperan, eta gaurko egunez, aurkeztu zuten egitaraua, taldeko trikitilariak bertan zirela. Han zen Javier Martinez Ramos, Zumarragako Trikitixari buruzko liburua osatu zuen musikari eta kazetaria ere. Antonio Oteizak sortutako eskultura ere aste horren barruan inauguratu zuten, Elizkaleko biribilgunean.
Sekula ahaztuko ez duten astea pasa zuten Andoni Cobos eta Xabier Balerdi ordiziarrek, 2004ko azaro hartan. Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu zituen Espainiako poliziak, eta egun batzuk atxilotuta eta inkomunikatuta pasa ondoren, aske utzi zituzten. Polizien eskutan “infernua” ezagutu zutela salatu zuten, “inkomunikazioa eta tortura gauza bera” baita. Egun horietan babesa agertu zieten herritarrei esker ona agertu zieten, Hitzari eskainitako elkarrizketan.
Beasaingo Murumendi ikastetxean, 25. urteurrena ospatzen ari ziren, eta ospakizunetarako antolatutako ekitaldien barruan, hiru txirrindulari ezagunekin mahai-ingurua egin zuten, gaur 15 urteko Hitzak jasotzen duenez. Igor Gonzalez Galdeano, Joseba Beloki eta Aitor Perez Arrieta ikasleekin berriketan aritu ziren, Jon Ordoñez kazetariak gidatuta. Ikasleek emozio handiz hartu zituzten hiru kirolariak, eta baita txalo zaparrada batekin agurtu ere.