«Artean barruko bakea aurkitu dut, baita nire bidea ere»
Almerian jaio zen Salmeron, 1943an. Hiriburu txikia zen, eta 36ko gerra ostean azpiratua izan zen. Eremu gorrikoa, erortzen azkenetarikoa izan zen 30.000 bizilaguneko hirian jaio zen.
Almeriatik Granadara, Granadatik Almeriara, Almeriatik Bartzelonara, Bartzelonatik Almeriara, Almeriatik Frantziako iparraldera. Frantziako iparraldean maitemindu, eta Legazpira. Manolo Salmeronek Almeriatik atera nahi zuela umetatik jakin zuen.
Gaur egun ez da Legazpin bizi, bertako hezetasunak kalte egiten dio. Gaztelan bizi da, baina Legazpira begira dago. Abenduaren 19an Carlos Ausserladscheider artista lagunari buruzko Txinpartak aldizkariaren monografikoa aurkeztuko du Burdinolako kideekin batera.
Zergatik Almeriatik ateratzeko behar hura?
Soka apurtu beharra nuen. Errepresio handia zegoen, Elizaren boterea itzela zen eta nik alde egin nahi nuen. Hegoaldean bizi nintzen, bada nik iparraldera joan nahi nuen.
Nolako familia zenuen?
Aita igeltseroa zen. Familia xumea ginen. Min handiak bizi takoak 36ko gerran eta ondorenean. Sekula ez zuten min hura guztia transmititzen asmatu. Aitak, itzalita zegoen arren, bazuen nolabaiteko argia barruan. Aitari esker marrazki linealean trebatu nintzen, eta bi urtez merkataritza ikasketak egin nituen.
Soldaduska egitera joan zinen Granadara.
Bai, pentsa zenbateko gogoa nuen boluntario joan nintzela soldaduskara. Hogei hilabete egin nituen Granadan. Hiriaren oroitzapen ederrak ditut; soldaduskarenak ez.
Berriro Almeriara.
Bai, nire lekuaren peskizan jarraitzen nuen; nor nintzen eta non izan nahi nuen galdetzen nion nire buruari. Almerian bueltan, lantegi berria muntatu zuen garaiko Bartzelonako merkatu beltzean zinez aberastutako almeriar batek. Delineante gisa hasi nintzen, baina ez nuen jasaten gaztetxoen lan egoera ikustea; hamar orduz prentsan, batere segurtasunik gabe.
Kontua eskatu nuen, eta Bartzelonako lantegian lana emango zidatela esan zidaten. Hara joan nintzen, baina proiektu hark ez zuen aurrera egin bularreko makalaldia izan nuelako. Almeriara itzuli nintzen, osatu eta atzerrira joatea erabaki nuen. Frantziako iparraldera joan nintzen, hari eta artile lantegi batean lan egitera. Euskal Herritik igaro nintzen lehenengo aldia izan zen.
Bidaia hartako irudirik gorde duzu?
Bai. Immigrantez betetako trena zen. Tentsioa, dramatismoa eta agurrak geltokietan. Almeria-Madril-Irun; Irunen immigrante banaketa egin zuten. Gorde ditudan irudiekin batera, betidanik barruan izan dudan gogoeta datorkit: ez ahaztu sekula nondik zatozen.
Zenbat denbora egin zenuen Frantzian?
Lau urte eta erdi. Etapa polita izan zen. Aldarrikapenak, misiolariak, poliki-poliki mundua deskubritzen hasi nintzen, agian inkontzienteki. Politikan nire kasa ibiltzea gustatzen zait, dogmatismotik urrun. Ni arteak harrapatu ninduen. Picassok zioen bezala: nik ez ditut bilatzen, aurkitu egiten ditut. Artean barruko bakea aurkitu dut, baita nire bidea ere.
Zure lekua azkar aurkituko zenuen.
Nire seme-alaben ama ezagutu nuen Frantzian, Conchi Murgiondo, eta harekin Legazpira aldatu ginen. 1969ko urriaren 11n ezkondu ginen.
Iparraldean.
Bai.
Lanarekin moldatu zinen?
Bai. Patrizio Etxeberriara joan nintzen, hala egiten zen orduan: joan eta lana eskatu. Han ez zen atera, baina Mel plastiko lantegian delineatzaile bila ari ziren eta han hasi nintzen. Zorte handia izan nuen, zeren Julian Arizmendirekin lan egiteko aukera izan bainuen. Niretzat ikastaldi aparta izan zen, eta babes guztia jaso nuen arlo teknikoan nire gaitasunak garatzeko.
Legazpiko bizitza kulturalean parte hartzen hasi zinen.
Zinea oso gustuko nuen. Zineforumera joaten nintzen eta, halako batean, zuzendaritzako kide izateko gonbidapena egin zidaten. Pedro Maria Gil La Salleko anaia hartan zebilen; bizitzan eragin didaten pertsona taldearen barruan dago Gil. Inazio Arbide laguna ere zineforum taldearen barruan zegoen. Arbide adiskidea da, eta jakintza handia eman didan pertsona.
Gero, zorte ona lagun, Iñaki Zelaia eta Jokin Otaegi La Salleko anaiek bultzatuta, Legazpi izeneko liburua argitaratu zuten, 1980an. Batik bat, aurreko urteetan Juan Mari Larrea anaiak ondutako materiala jaso zuten. Larreari aitortza egin beharra dago, Legazpik ahaztutako hainbat pertsonaia gogora ekarri zituelako; adibidez, Saturnino Telleria. Ikasleekin egiten zuen lanaz harago, Larreak lan talde bat osatu zuen aldizkari bat egiteko. Hurrengo Txinpartak aldizkarian horri guztiari buruz arituko gara.
Zer talde mota zen?
Larreak lortu zuen garaiko ordezkari guztiak biltzea. Familia gurasoetatik Jose Mari Urtzelai eta Club Juveniletik Inazio Gordoa. Arbidek eta biok zineforuma utzi eta taldean hasi ginen. Ikasketa taldea izan zen. Esan liteke talde hura Burdinola elkartearen ernamuina izan zela, nahiz eta elkartea Arbidek eta Urtzelaik beranduago sortu zuten.
Egun Burdinolako ‘Txinpartak’ aldizkariaren editorea zara. Carlos Ausserladscheiderren monografikoa aurkeztuko duzue.
Mertxe Urkiolari eta Arbideri otu zitzaien aldizkaria egitea eta 2000. urtean hasi ginen. Jose Luis Ugarte sartu zen gero. Fernando Martin Sukiak, Urkiolak eta hirurok ateratzen genuen. 15. aletik aurrera nik segitu nuen erredakzio talde zoragarri baten babesean, oso eskertuta nago lan hori egiteko aukera dudalako.
Orain 41. eta 42. aleak aterako dira. 42.a Carlosi egindako omenaldia da. Nik uste Carlos bera hor egon dela ale hau egiten, eta bide onetik eraman gaituela. Bere obra ezagutzera eman nahi dugu, museoetara iritsi dadila, haren obra ezagutu dezaten.