«Liskarrak alboratu, eta Lazkaon aro berri bat ireki nahi nuke»
Zinegotzi kargua utzi eta 20 urtera Kepa Zubiarrain (Lazkao, 1969), alkate izateko itzuli da. Kiroldegia eta industrialdea ditu lanak. Mercadonaz primizia eman du: baldintza guztiak ez daude argi.
Lehenago zinegotzi izan zinen, orain alkate zara. Asko aldatu da udala ordutik?
Hogei urte pasa dira dagoeneko zinegotzi lanetan ibili nintzenetik. Ez dago ukatzerik, ezberdintasunak nabarmenak dira. Zinegotzirik ez zegoen liberatuta garai hartan, ezta alkatea bera ere. Gaur hori ezinezkoa litzatekeela uste dut. Gizartearen eta herritarren eskakizunak geroz eta zorrotzagoak eta anitzagoak dira.
Herria ere asko aldatu da denbora honetan. 1.500 biztanle irabazi ditu, eta hazkunde hori ondo kudeatzeak lan asko suposatzen du. Bestalde, Lazkao bezalako herri batean, herritarra alkatearengana zuzentzen da bere arazo eta kezken berri emateko, nekezago zinegotziengana.
Enpresa pribatutik zatoz, arlo ekonomiko-finantzariotik hain zuzen. Kudeaketa modua bestelakoa da batetik bestera?
Nire ibilbide profesional osoa enpresa pribatuan egin dut. Sektore publikoan zein pribatuan, kudeaketa oso antzekoa da, neurri batean: horniketak, pertsonala, finantzazioa… Agian, ezberdintasun handiena, erabakiak hartzeko prozeduretan dago. Organu bakoitzaren eskumenak araututa daude, eta hori oso beharrezko izanik, sarri erabakiak denboran asko luzatzen dira.
Zerk erakarri zintuen EAJren proiektutik?
Ni independente modura aurkeztu banaiz ere, EAJk Lazkaorako duen proiektuan sinisten dudalako eman nuen pausoa. Herri solidario, atsegin eta euskalzale bat desiratzen dudalako eta gure seme-alaben etorkizuneko Lazkao eraikitzen nire ekarpena egin nahi dudalako. Proiektua Lazkaoko alderdikideek eta pertsonek osatzen dugu, eta haiek dira, isiltasunean, benetako eragile eta protagonista.
Pertsonalki, zer helburu bete nahiko zenuke agintaldian?
Herritarrarekiko gertutasuna eta eguneroko beharrei erantzuteko gai izatearekin batera,etorkizuneko Lazkaoren oinarriak finkatzea dira nire helburuak. Inora ez garamatzaten eztabaidak eta liskarrak alde batera utzi, eta Lazkaon etapa berri bat ireki nahi dut. Laburbilduz, lazkaotar guziak ongi ordezkatu.
Zeintzuk ditu erronka handienak gaur egun Lazkaok? Zertan dago energia jarri beharra?
Pertsona ardatz harturik, Lazkao kohesionatu eta inklusibo bat eraikitzen, zerbitzu egokiak eskainiz. Horretarako, ezinbestekoa da jarduera ekonomikoa sustatzea.
Nola gauzatu daiteke hori?
Kanpandegiko industrialdea urbanizatu, Hiribarren-Ibabe industrialdea faseka berritu eta bertako komertzio txikiari babesa eta indarra eman nahi diogu. Landa eremuan, Lazkaomendirako oinezko bide baten proiektua landu eta Baserri Batzordea indartu, beren beharrak zuzenean ezagutu eta erantzuten saiatzeko. Kirol eta kultura alorrean, kiroldegiaren eraberrizea eta ekipamenduen inguruko azterketa sakon bat burutzea dira gure lehentasunak. Ingurumena eta genero-parekotasuna eta Lazkao euskalduntzea ere erronka modura hartu nahi ditugu.
“Independiente moduan aurketzu banaiz ere, EAJk Lazkaorako
duen proiektuan sinisten dudalako eman nuen pausoa”“Momentuz, Mercadonak ez ditu baldintza guztiak
betetzen, gure aholkulari juridikoaren arabera”
Plangintza Estrategikoa osatzen ari zarete. Zer ardatz ditu?
Gure taldearen konpromisoa izan zen hauteskundeetara aurkeztean, eta dagoeneko amaitu dugu, herriko eragile eta udal teknikarien parte-hartze zuzenarekin. Udal Gobernu agintaldiko ibilbide-orria dokumentuan agintaldiko estrategia gauzatzen da, lau urteetarako lehentasunak zehaztuz. Planak lau helburu estrategiko, 15 estrategia eta 64 ekintza ditu.
Kiroldegiaren eraberritzea aipatu duzu. Zein denbora-epe izango ditu?
Faseka burutuko da. Lan handiak dira, eta dirutza handiaz ari gara hizketan. 2019ko aurrekontuan bigarren faserako diru-saila hornituta baldin badago ere, arrazoi administratiboak direla eta, derrigorrezko txostenen zain dago udala. Ura agentziarenarena, hain zuzen. Bestalde, kiroldegiko frontoian, euria den bakoitzean sortzen diren arazoei aurre egiteko, mendi aldeko estalkia aldatzea onartua dago, datorren urteko uztailerako.
Kanpandegin industrialde berriaren urbanizazioarekin aurki zarete hastekoak. Beharra edo eskaria badago?
Gure proiektuan beti izango du lehentasuna enpleguak, eta ahalegin horretan jarduera ekonomikoarentzat erakargarri bilakatu nahi dugu Lazkao. Kanpandegiko proiektua horren adibide garbia da. Goierrin lur eta pabiloi eskaintza oso murritza dago, eta inguruko enpresen beharrei erantzuteko industrialde bat jartzeko aukera paregabea du Lazkaok. Hiribarren-Ibabe eremuko urbanizazioan ere hobekuntzak egitea beharrezko jotzen dut, enpresa berriak erakartzeko.
Mercadonaren balizko iritsierak hautsak harrotu ditu. Zer iritzi duzu? Lazkaorentzat ona ala kaltegarria izango da?
Pozten naiz galdera hau planteatu izana. Gogoratu behar da, proiektu bat baimendu edo ez, jarduera arautua dela eta ez erabaki politikoa. Hau da, udal teknikari eta aholkulariek egiten dituzten txostenak aintzakotzat izanda hartu behar du udalak erabakia. Erabaki batzuk beste batzuk baino gehiago ala gutxiago gusta daitezke, baina hau ez da gustu kontua, esparru legalean argitu beharreko gaia baizik. Araudia betetzen bada, lizentzia ematera behartua dago udala; eta, aldiz, bere osotasunean betetzen ez bada, ezezkoa ematera ere bai. Zentzu honetan, udalak oso zuhur jokatuko du.
Zein da udalaren postura?
Udal hau ez da posizionatu Mercadonaren alde edo kontra. Udala politikoki aurreko agintaldian posizionatu zen, 2017ko apirilaren 25ean, hain zuzen, erabaki zuenean 2.000 metrotik gorako azalerako establezimendu komertzialak industrialdeetan ahalbidetzea. Hura bai izan zen erabaki politikoa, eta aho batez hartu zen. Beraz, orain araudian sartzen baldin bada, udala derrigortuta dago izapidetza aurrera eramatera. Alkateak edo udalak eragozpena jarriko balio, prebarikazioa izango litzateke. Gure taldean ere egon litezke aldekoak eta kontrakoak. Baina ez da gustu kontu bat.
Lege berria indarrean sartu da. Eraginik izango du horrek?
Lehengo legearekin aldeko ziren txostenak, lege berriarekin berritu ditugu, eta bai txosten teknikoak, bai juridikoak kezka edo erreparo batzuk agertu dituzte. Jaurlaritzak berak ere ez dauka oso argi. Merkataritza Sailaren txosten baten zain gaude, beraiek udala informatu behar duten ala ez ebatziko duena. Momentuz, aurreratu dezaket, Mercadonak ez ditu baldintza guztiak betetzen, gure aholkulari juridikoaren arabera. Lege berriaren interpretazioarekin talka egiten dutelako. Kaleko debatea uste dut erabat desenfokatuta dagoela: ahal duen edo ezin duen da kontua.
Kanpainan esan zenuen esperientziarekin batera berritasuna zekarrela EAJk. Zertan aplikatuko du udalak berritasuna?
Zerrendako pertsonek esperientzia eta berritasuna eskain dezakegula. Alde batetik, udal kudeaketan esperientzia eta eskarmentua dutenak daude, eta freskotasuna eta ilusioa dakartzatenak, bestetik. Berritasuna herritarrekiko harremanetan eta kudeaketa ereduan izango da.