Pilotaz eta futbolaz, lagun artean
Ordiziako Jai-Alai pilotari elkarteak bost kirolari profesional elkartu ditu Barrenan bakoitzaren momentuko egoeraz, kirolaz eta kirolaren ingurumariaz aritzeko.
Bi pilotari eta hiru futbolari. Batetik, Iker Irribarria aramarra eta Jokin Altuna amezketarra, biak Aspeko pilotariak. Bestetik, Igor Zubeldia azkoitiarra, Aritz Elustondo beasaindarra eta Andoni Zubiaurre ordiziarra, Realeko jokalariak hirurak. Iaz ere antolatu zuen Ordizian Jai-Alai elkarteak antzeko saio bat hainbat pilotarirekin, baina aurtengoan futbolariek ere hartu dute parte. Iñaki Elortza Txapas kazetari beteranoa aritu da moderatzaile lanetan. Barrena kultur etxean izan zen mahai-ingurua, joan den ostegun arratsaldean.
Altuna izan zen lehena hitz egiten. Amezketarrak lau t’erdiko finala galdu zuen azaroaren 17an Ezkurdiaren aurka, eta partidari buruz aritu zen hitzaldiko lehen zatian. Egindako partidarekin haserre agertu zen: «Astelehenean bertan beste partida bat jokatuko nukeela esan nion entrenatzaileari, finaleko sentsazio txar hura kentzeko». Azaroaren 22an, berriz jokatu zuen Ezkurdiaren aurka binakako txapelketan; berriro galdu zuen.
Irribarria ere parte hartzen ari da binakakoan, Rezusta lagun duela. Jakak eta Zabaletak egurtu egin zituzten lehen partidan. Aramarraren parte hartzea zalantzan egon da, baina Aspek Danel Elezkano kanpoan uztea erabaki du azkenean. «Norberak bere usteak izan ditzake, baina azkenean enpresak ni aukeratu nau eta erakutsi beharko dugu aukera ona dela».
JOKATZEKO AUKERA
Pilotan zein futbolean, enpresak aukeratzen du zeinek jokatuko duen. Igor Zubeldiak 12 partidatik 11 jokatu ditu denboraldi honetan, baina argi du eguneroko lana dela: «Astean ondo entrenatzen ez duena ez da hamaikakoan sartuko». Aritz Elustondo, bestalde, hamabost egun egon da min hartuta partidarik jokatu gabe. Leganesen aurkako partidan atera zen azken minutuetan: «Guztiz osatuta nago, baina erritmoa hartzea kostatzen ari zait». Andoni Zubiaurre, ordea, deialdian sartzeko lehian dago, jokatzeko zain: «Ez da egoera erraza, baina lan egin behar da, ilusioz eta gogotsu egoteko».
EPAILEAREN TRESNAK
Futbolean VAR sistema ezarrita dago, baina aplikagarria al da pilotan? Altunak azaldu zuen «nahiago» lukeela dagoen bezala geratuko balitz, errepikapenik gabe. Irribarriaren ustez, ez litzateke «errentagarria» izango: «Diru asko beharko litzateke, baina egia da epaileen iritzia argitzeko balio dezakeela».
Altunaren arabera, halere, futbolean eta pilotan epaileak ez du funtzio bera: «Pilotan makina bat jarriz gero, epailearen lana ia ordezkatuko luke; futbolean, aldiz, kontaktu fisikoa ekiditeko ere balio du epaileak». Futbolariek, bestalde, iritzi desberdinak agertu zituzten. Elustondoren esanetan, askotan ez da «behar bezala» erabiltzen, baina tresna baliagarria da. Zubiaurrek, aldiz, erabakiak luzatzen dituela eta kirolari xarma kentzen diola adierazi zuen: «Niri gehiago gustatuko litzaidake VAR-ik gabe jokatuko bagenu».
KIROLA ETA GREBA
Emakume futbolariek urriaren 22an grebarako deialdia egin zuten. Lan baldintza hobeak eskatu zituzten; lanaldia %75ekoa izatea, baina kluben elkarteak jardun erdian jarri zuen muga. Sindikatuek eta kluben elkarteak akordioa lortu zuten azaroaren 21ean. Abenduaren 20a baino lehen hitzarmen berria sinatzeko asmoa agertu dute.
Gaiaren harira, Elustondok azaldu zuen ez duela uste horrelakorik gerta daitekeenik haien ligan, «lan baldintzak ez direlako berdinak». Irribarria pozik agertu zen futbolarien borrokarekin: «Ilusioa egin zidan kirol munduan adostasun osoa dagoela ikusteak; azken finean, kirolariok langileak gara, nomina bat daukagu, eta argi dago haien lan baldintzak kaskarrak direla».
Emakumeen pilotari buruz, bestalde, Altunak adierazi zuen laguntzak berberak izan beharko liratekeela pilotari izan nahi duten emakumeentzako :«Hobetzeko gogoa badute, gure baldintza berberakk izan beharko lituzkete haiek ere».
GARESTIA AL DA?
Lau t’erdiko finaleko sarrera garestienak 120 euro balio zituen, eta, merkeenak, 50. «Asko eskertzen da lagunen eta kuadrillaren babesa, lanik egiten ez baduzu garestia izan daitekeelako partida batera joatea», azaldu zuen Altunak. Zubeldiaren arabera, pilotarekin alderatuta, futbola merkexeagoa da, klubek ematen dituzten erraztasunengatik. Elustondok honako gehitu zuen: «Realeko urteko txartela dutenek gasolina merkeagoa lor dezakete». Halere, pilotan bi enpresa bakarrik daudela hartu behar da aintzat. «Konpetentziak, arlo guztietan, onurak dakartzala uste dut», esan zuen Altunak.
Bi pilotari eta hiru futbolari. Komunean dute pilota eta kirola. Ordiziako solasaldian mundu biek egin zuten bat .