Majoriko lanen mailegu eskaera atzera bota du udalbatzak
Udal Gobernuak ez-ohiko udalbatza deitu eta urgentziaz landu dute Majoriko gaia. EH Bilduren sei zinegotzien babesa ez da nahikoa izan proposamenak onartzeko.
Ez-ohiko bilkura egin zuten Ordiziako udal ordezkariek azaroaren 25ean, astelehenean. Majori kiroldegiaren lehen faseko obrak finantzatzeko mailegua kontratatzea zegoen, besteak beste, mahai gainean. Proposamenak ez zuen aurrera egin.
EH Bilduren Udal Gobernuak, Majori kiroldegiko obrak herentzian hartu ditu. Adur Ezenarro alkateak azaldu zuenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiari kreditua handitzeko eskaera egin eta ez zuen onartu, baina bai kreditu berri bat eskatzea». Hori horrela, ez-ohiko udalbatza deitu eta urgentziaz landu zuten gaia. Baina proposamena bere horretan gelditu zen, behar hainako babesik ez zuelako izan. EH Bilduren sei zinegotzien baiezko bozka jaso zuen proposamenak. Ordizia Orainek abstentziora jo zuen (bi bozka), eta EAJk (7 bozka) eta PSE-EEk ezezkoa eman zioten. Beraz, emaitzak ez zuen aurrera egiteko ematen.
Ordiziako alkate ohia eta gaur-gaurkoz oposizioko EAJren zinegotzia den Jose Migel Santamariak esan zuen «proiektuaren alde» daudela. Gai horrek «printzipioz administrazio kontseilutik pasa behar» zuela ere esan zuen. Hala ere, Ordiziako Udalak «gehiago zorpetzeko beharrik ez» duela nabarmendu zuen. Mailegu hori eskatzeko arrazoiak zeintzuk ziren galdetu zion Santamariak Ezenarrori eta bide batez, Majoriri buruz azken egunetan komunikabideetan agertutako albisteek esaten dutena aurpegiratu zion. Alkateak argibide guztiak eman zituen, aurretik ere egin zuen moduan. Ondoren, Bittor Bolinagak ere hartu zuen hitza: «Kirol azpiegitura mahaiak bultzatuta hartu ziren erabakiak, diru gehiegi zelakoan eta orain, hauek dira ondorioak». Bolinagak ere, Santamariak esandakoaren haritik, «mailegurik eskatzeko beharrik ez» dagoela adierazi zuen.
Udalbatzako bigarren puntua zen horrek aurrera egin ez zuenez, hirugarrenak eta eguneko gai zerrendako azkenak ere ez zuen aurrera egin. Bigarren puntu horrek hirugarrena baldintzatzen zuen, eta, beraz, ez zen bozkatu. Horrekin, amaitutzat eman zen bilkura.
Eremu gorriaren ordenantza aldaketa proposatuko dute bihar
Asteleheneko ez ohiko udalbatzaz aparte bigarren bat ere deitu dute, bihar ostegunerako; azaroari dagokion ohiko bilkura egingo dute Ordiziako udal ordezkariek. Aparkaleku mugatuko eremuak arautzen dituen udal ordenantza aldatzea proposatuko du EH Bilduk.
Urdaneta, Maribaratza, Diego Rivero, Goierri, Berria eta Joseba Rezola kaleak dira ibilgailuak aparkatzeko arazo gehien sortu dituztenak. Horri aurre egiteko ordutegi zehatz batean eremua bizilagunek aparkatzeko mugatzea proposatu zen, gune gorri bat jarriz.
Gai horri dagokionez, Ordiziako alkateak «egitasmo eta sistema orokor baten beharra» nabarmendu du: «Udalerri osoaren azterketa bat egitea funtsezkoa da, eta ondoren hartzea erabakiak; ez auzo bakarrari dagokiona, osotasunean baizik».Horregatik, hainbat aldaketa proposatuko dituzte biharko udalbatzan.
Era berean, udalerri osorako sistema orokor bat martxan jarri bitartean, egoilartasuna ematerako orduan, oinezkoa den Alde Zaharreko eremu bateko bizilagunek ere txartelaren eskaria egin ahalko dute, zehazki Kale Nagusia 1-11/2-22, Santa Maria 3/19, Goen 1-9/2-8, Artega kalea 1 eta 2.
Eremu gorriko isunak
Orain arte eremu gorrian jarri diren isunen inguruan ere mintzatu da Ezenarro: «Herrigune osoan isun arruntak 40 eurokoak dira, baina, aldiz, gune gorriari erreferentzia egiten zion ordenantzan 200 eurokoak izan behar zirela zegoen jasota; aldaketa proposatzen da, eta isunak 40 eurokoak liratete».