Ataunen Lasa eta Bujanda fusilatuak omendu dituzte, 1936ko gerrako ekitaldian
Bi olaberritar gazteak Lizarrustin hil zituzten frankistek, 1936ko irailean. Gerraren eraginak eta ondorioak ez ahaztearen balioa nabarmendu dute. Urteko aitortza-ekitaldia indartu dute, Aian
Oroimen historikoa berreskuratzeko ariketa orok azaleratzen ditu emozioak. Hunkidura oraindik handiagoa izaten da izen-abizenak, aurpegiak eta ondorengoen lekukotza eransten baldin bazaio. Ataunen, Iragana gogora ekartzen egitarauan, igandean egin zieten 1936ko gerra jasan zutenei urtero 2012tik egiten zaien aitortza-ekitaldia. Aurreratu egin dute aurten.
Bi olaberritar oroitzeko eta errekonozimendua egiteko baliatu dute aurtengo ekitaldia. Jesus Bujanda Martinez 1936ko irailaren 8an Lizarrustin fusilatu zuten frankistek, eta Aiako hilerrira eraman zuten gorpua. Bestetik, Martzelo Lasa Zeberio, 1936ko irailaren 25ean bi ezagunek hil zutena, Quifosa lantegia baino goraxeagoko basoan.
Aian izan ziren Bujandaren eta Zeberioren ondorengoak. Bilobek azaleratu dute fusilatutakoen oroimena, eta Ataungo Udalak eskaera bideratuta, gerraren eta frankismoaren biktima gisa omendu dituzte.
Bost gorpu Aian
Lizarrustin, 1936ko abuztutik urrira bitartean, hainbat fusilaketa egin zituzten frankistek. Bost gorpu Aiako hilerrira eraman zituzten. Bi identifikatuta daude; iaz plakak jarri zituzten.
Otsoa dantza taldeak, Eate abesbatzak, Mikel Tapia bertsolariak eta Martin Aramendi alkateak parte hartu zuten ekitaldian. «Herritarrek elkarlanean ekitaldi xumea egin nahi dugu, gertatu zena oroitzeko eta aitortzeko, eta berriro ez gertatzeko», esan du antolakuntza taldeko Haizea Morenok.
Mural bat ere egin dute, Erroipe aterpearen hormetan, Aiara joaten direnek duela 83 urteko izugarrikeriak jakin ditzaten. 1936ko altxamendu frankistaren biktimen omenez idatzia du, eta hiru soldadu ageri dira hiru lagun fusilatzen.