«Euskadiko Auzitegi Nagusiaren sententzia oso garbia izan zen»
2016ko irailean Itsasoko bizilagunek udalerri izatea erabaki zuten eta 2017ko urtarrilean eratu zuten udala. Ordutik, Gorka Sasieta (Urretxu, 1977) da herriko alkatea.
Zertan da udalaren egoera juridikoa?
Gipuzkoako udalerrien demarkazioa erabakitzeko eskumena aldundiarena da, eta Itsaso udalerria eratzeko Foru Dekretua, 2016ko abendukoa, indarrean dago. Horrek ahalbidetzen digu udalerri moduan normaltasunez funtzionatzea.
Espainiako gobernuak ez zaituzte onartzen, ordea.
2017ko otsailean Madrilgo Entitateen Erregistroak ukatu egin zuen Itsaso inskribatzea, nahiz eta adituen ustez ez dagokion berari baloraziorik egitea eta tramite hutsa izan behar zuen. Entitate honetan Estatuko udalerri guztiak daude inskribatuta. Ezezkoa emateko, argudiatu zuten 5.000 biztanle beharko genituzkeela horretarako. Momentu berean, Estatuak errekurritu egin zuen aldundiaren Foru Dekretua, eta auzitara jo. Hala ere, inoiz ez da Foru Dekretuaren baliogabetzea eskatu, eta beraz, indarrean dago. Kontua da Madrileko Erregistroan inskribatu ga-be gaudenez, ezin izan dugula hauteskundeetan Itsaso bezala parte hartu, ezta bake epaitegi propioa eduki ere.
Zertan da auzitegietako bidea?
Duela urte eta erdi atera zen auzi honi dagokion sententzia Euskadiko Auzitegi Nagusian, eta aldundiaren eta, beraz, gure aldekoa ere izan zen. Sententziak garbi adierazten du Estatuak 2013az geroztik udalerri berriak sortzeko ezarrita daukan 5.000 biztanleko mugak gure kasuan ez daukala eraginik, eskumena aldundiarena delako, eta ez dela hierarkia kontua. Sententzia hau ere errekurritu egin zuen Estatuak, beraz Madrilgo Epaitegi Gorenak ebatziko du. Auzi honetan aldundia eta Itsasoko Udala gaude, eta hasieratik elkarrekin adostu ditugu eman beharreko pauso guztiak.
Noiz izango duzue horren inguruko albisteren bat? Zer espero duzue?
Gure abokatuaren ustez, oraindik luzatuko da, eta urte eta erdi edo bi urte barru ebatziko omen du Gorenak. 2018an atera zen Euskadiko Auzitegi Nagusiaren sententzia oso garbia izan zen, eta espero dugu berretsi egingo dela.
Nola baldintzatzen du egoera honek udalaren eguneroko la-na eta etorkizuneko planen diseinua?
Egunerokoan ez dauka eragin handiegirik. Foru Funtsetik udalerri moduan dagokiguna jasotzen dugu, eta bestelako diru laguntza deialdietan ere normaltasunez parte hartzen dugu. Honek ahalbidetu digu inbertsio garrantzitsuak egitea herrian, eta lanpostu batzuk sortzea ere bai. Egoera juridikoa dela eta, momentuz ezin dugu Hiri Antolamendu Plan Orokorra gauzatu Itsaso bezala, eta indarrean ditugun arauak 2007an Ezkio-Itsaso bezala onartutakoak dira.
Zer giro nabari da herrian?
Giro oso ona daukagu. Parte hartzea altua da, bai udal batzordeetan, bai herri batzarretan baita bestelako ekimenetan ere.
Bestelakoan, zein egitasmo dituzue eskuartean?
Oraintxe Itsaso 2030 deitu dugun parte hartze prozesu batean murgilduta gaude. Siadeco enpresa ari da dinamizazio lanak egiten, eta pasa den uztailean herritarren nahiak eta beharrak jasotzeko inkesta anonimoak egin zizkiguten. Herritarren %86k bete zuten inkesta, eta ondoren sortu diren lan talde ezberdinetan 40 herritar inguruk parte hartu dute. Oso esperientzia positiboa eta aberasgarria izaten ari da.
Zeintzuk dira aurreikusten dituzuen berrikuntzak, azpiegiturei dagokienez?
Azpiegituren aldetik, oraintxe udaletxeko ganbara eta teilatua berritzeko proiektua daukagu esku artean. Gaur egun ganbara ez dago erabilgarri, eta obra honekin areto balioanitz bat lortuko dugu, etorkizunean bulegoak egiteko ere aukera emango duena. Iaz udaletxeko sarrera eta herriguneko asfaltoa berritu genituen, eta proiektu beraren bigarren fasea da oraingo hau. Ale- gian, berriz, jolas parkea berritu genuen 2017an, eta hurrengo ekintza bulebarizazioa izango da, trafikoaren abiadura mantsotu eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko helburuarekin, besteak beste. Aurrera begira, beste erronka bat Itsasoko goiko plazan daukagun eraikin publikoarekin lotua dago: Kontzeju Zaharra proiektu bati lotu eta berritu beharra dugu.
Zer diozu jasangarritasunaz?
Jasangarritasunari dagokionez, hiru proiektu dauzkagu esku artean. Zaborraren kudeaketari dagokionez, autokonpostajea aspalditxotik egiten dugu etxeetan, eta Itsasoko herrigunean auzokonpostajea ere bai. Udaberrian Alegia auzoan jarri genuen auzokonpostagune berri bat, eta Alegia auzoko biztanle gabiriarrek ere bertara eramaten dute organikoa. Sasietako teknikarien laguntzarekin herriko organiko guztia herrian bertan kudeatzea lortu dugu, eta asko gutxitu dugu sortutako errefusa kantitatea. Bigarren proiektua herriko produktuena da. Bertan ekoizten diren produktuak ezagutarazteko eta promozionatzeko lanean gabiltza. Katalogo bat osatu dugu produktuekin, eta kontsumitzen duguna ahalik eta gertukoena eta osasungarriena izatea da helburua. Etorkizunean lanpostu berriak sortu nahi ditugu. Hirugarren proiektua baso politikarekin dago lotuta: udalak baso lur sailak erosiko ditu, bertako zuhaitz espezieak bultzatzeko.
Zer diozu etxebizitzez?
Beste puntu garrantzitsu bat da. Parte hartze prozesuan hainbat herritarrek etxebizitza beharra dagoela esan dute, eta gai hau lantzen ari gara: non eta nolakoak egin daitezkeen, baserrien zaharberritzeak…
Zeintzuk dira herriaren erronka nagusiak?
Etorkizunera begira, biztanleria mantentzea, eta neurri batean igotzea, esango nuke. Biztanleriaren zahartzea ez da herri txikietako arazoa bakarrik, datuak Gipuzkoarekin alderatuta oso antzekoak dira, baina eragina nabarmenagoa da agian, eta honi buelta emateko lan egin beharrean gaude.
Zer diozu udalaren funtzionamenduaz eta auzolanaz?
Urtean bi auzolan antolatzen ditugu, udazkenean eta udaberrian. 50-60 lagun inguruk parte hartzen dugu, eta egun politak izaten dira. Ostatuan afalduz ematen diegu amaiera egun hauei. Halere, esan behar da auzolana ez dela egun hauetara mugatzen. Azken finean, herri txikiotan urtean zehar egiten diren ekimenak, festak eta abar auzolanean antolatzen dira. Udalaren kudeaketa bera ere bai, neurri handi batean.
Gogorra al da Itsasoko alkate izatea?
Ez nuke esango gogorra denik. Egia da momentu zailak eta buruhausteak ere izaten direla, baina gauzak ondo ateratzen direnean, satisfazioa ere handia da. Batzuetan bestelakoak ere izaten dira, baina orokorrean jendea oso esker onekoa da, eta horrek jarraitzeko indarra ematen dizu. Gurean daukagun abantaila da, beste herri txiki askotan bezala, ez gaudela alderdi politikoetan antolatuta, talde bat gara eta udalaren kudeaketa talde lanean oinarritzen da.