Euskarari hauspoa, mezuz eta kantuz
Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egin dute Goierriko herri eta ikastetxeetan. Euskara «gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan» erabiltzeko eskatu dute
Jalgi hadi gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan. Hori da Euskaltzaleen Topaguneak aurtengo Euskararen Egunari begira zabaldutako leloa. Goierrin ere, dozenaka ekitaldi antolatu dituzte, ikastetxeenak goizez, eta herri mailakoak arratsaldez. Guztietan, euskararen eta erabileraren aldeko mezuak entzun ahal izan dira, idatziz, ahots goraz nahiz kantuz. Euskara eguneroko bizimoduan «gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan» erabiltzeko deia egiteko baliatu dute abenduaren 3a.
Iazko Euskaraldiak utzitako aho zapore onarekin, eta 2020ko bigarren edizioari begira etorri da Euskararen Eguna aurten. Izan ere, dagoeneko hasiak dira herriz herri datorren urteko Euskaraldiko taldeak eta dinamikak sortzen. Goierrin egin dituzten ekitaldirik gehienetan aprobetxatu dute bertan parte hartzeko deia luzatzeko. Topagunearen arabera, «sakonagoa, handiagoa eta zabalagoa» izango baita Euskaraldiaren bigarren ariketa. Horretarako, ordea, «ezinbestekoa izango da euskaltzaleak batzea, antolatzea eta trinkotzea».
Euskararen Eguneko mezuan, «mugimendu euskaltzalea indartzera» deitu dituzte herritarrak, «bakoitzak ahal duen eta egoki ikusten duen konpromiso mailarekin, norbere aukera eta gaitasunen arabera». Euskararen aldeko dinamikak pizteko deia ere egin dute, «Euskal Herri euskaldunago, biziago, berdinzaleago eta justuago bat» eraikitze aldera, «guretzat eta hurrengo belaunaldientzat».
Musika eta mezuak
Goizean ikastetxeetako ikasleen ekitaldiak izan ziren. Gehienek joko sinbolikoetara jo zuten. Beasaingo La Sallen, esaterako, ‘E’ hizkia osatu, eta mezu bat zeraman kaxa pasa zuten eskuz esku. Ordizian mezuak zintzilikatu zituzten plazan, Euskararen sarean lemapean; Lau teilatu eta Guk euskaraz abestiak kantatuz bukatu zuten ekitaldia.
Lazkaoko ikasleak, herritarrekin batera, kalejiran atera ziren. Udaletxetik pregoia irakurri eta dantza koreografiak egin ziztuzten plazan. Begoña Azpirotz irakasle zena oroitu zuten atzo hil zen. Euskararen sareak harrapatu gaitu ekimenean, mezuak utzi dituzte lazkaotarrek.
Urretxu-Zumarragan, Gainzurik eta Ikastolak lipdub eta flashmob bana egin dituzte. Legazpin, ikastetxe bakoitzak bere aldetik egin ditu ekitaldiak.
Arratsaldean, herri mailako ekitaldiak izan ziren nagusi. 2020ko Euskaraldia aurkezteko eta Euskararen Eguneko mezua irakurtzeko aprobetxatu zuten askok, kantuz, musikaz, dantzaz eta jan-edanez lagunduta, gehienek. Ordizian, Bertso Eskolari omenaldia ere egin zioten.
Datozen egunetan ere bada ekitaldirik. Urretxu-Zumarragan, Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere dokumentala eman eta egileekin tertulia egingo dute ikasleek. Itsason, bihar, 2020ko Euskaraldia aurkeztu, eta bertso afaria dute, Alaia Martinekin eta Sustrai Colinarekin.