San Nikolas errondak egingo dituzte Zegaman, Seguran eta Legazpin
Legazpin gaur izango da; Unai Huarte Valdivielso Haztegi ikastolako ikaslea aukeratu dute aurten San Nikolasen papera jokatzeko. Zegaman bihar egingo dute, eta Seguran etzi
Badator San Nikolas. Urtero bezala, San Nikolas erronda egingo dute Legazpin, Zegaman eta Seguran, eta herri bakoitzeko haur bat izango da protagonista; San Nikolas gotzainaz jantzi, eta talde buru ariko da kaleetan zehar, abesten eta gozokiak banatzen. San Nikolas bezpera etzi den arren, Legazpin gaur ospatuko dute. Zegaman bihar izango da, eta Seguran etzi. Goierrin ohitura gordetzen duten herri bakarrak dira.
San Nikolas erronda eguna Gabonen iragarle da; Gabonak badatozela gogorarazten du jai honek. Haurrak dira parte hartzaile nagusiak; Legazpin, aurten, Haztegi Ikastolako DBH1eko ikasle bati egokitu zaio San Nikolasen papera jokatzearen ardura. Laubide kaletik aterako da 17:30ean; bertatik Santikutz kalera abiatuko da, eta hortik Kale Nagusira. Euskal Herria plazan amaituko da erronda. Bukaeran txokolatea banatuko zaie parte hartzaileei.
Zegaman, berriz, bihar egingo dute. Aitxuri herri ikastetxekoek antolatuko dute San Nikolas erronda. 09:00etan irtengo dira ikastetxetik, eta 11:00etan eskolako txikienak batuko zaizkie. Manu Otaegi eta Ihintza Goia izango dira aurtengo gotzainak. Beste herrietan ez bezala, Zegaman bi haur janzten dira San Nikolasez.
Seguran, aldiz, San Nikolas egunean egingo dute San Nikolas Txiki Eguna. Etzi goizean aterako da Naroa Ormazabal Zubizarreta Segurako kaleetara pottoka gainean, umeak kalez kale atzetik kantari dituela. 10:00etan izango da irteera, Arbolaritik. 12:00etan Nikolas Txikiak eta Segurako Tarta izango dituzte salgai herriko plazan.
San Nikolas Myrako gotzaina zen. Elezaharraren arabera, oso pertsona eskuzabala zen. Ezkontzeko dirurik ez zuten hiru neskari urrea emateagatik egin zen ezagun. Hark egindakoa herrialdean hedatu zen, eta hainbat kolektibok, umezurtzek eta marinelek, esaterako, patroi izendatu zuten San Nikolas. Segurtasuna bilatu zuten askok gotzainarengan, eta haren ospea Europa iparraldera zabaldu zen azkenean. Abenduaren 6an hil zen, eta ordutik opariak egiteko ohitura hedatu zen kultura kristauean.