Ataunen, Lazkaon eta Seguran hilaren 13tik 15era da liburu azoka
«Azoka bat hiru herritan» antolatu dute. Hiru herritan aritu dira elkarlanean: Ordizian ez da egingo. Aurkezpen ugari izango dira, tartean Bernardo Atxagarena. Beasainen ere asteburu berean egingo dute.
Goierriko Durango hemen da. Abenduaren 13an, 14an eta 15ean egingo dituzte Ataunen, Lazkaon eta Seguran euskal liburu eta diskoen azokak. Elkarlanean jardun dira, beste behin, hiru herrietako antolatzaileak. «Azoka bat da, hiru herritan banatuta. Ez da norgehiagoka, elkarlana da», argitu zuten antolatzaileek, atzo, Ataunen.
Iaz arte batera aritzen ziren bost herrietatik bi erori dira. Ordizian ez da aurten azokarik egingo. Azken urteetako ezintasunak ikusita, aurten ez antolatzea erabaki du Hitzarok. Beasain ere antolaketa bateraturik kanpora geratu da, baina asteburu berean egingo dute azoka, udalak antolatuta; aurten, Zubimuzu plazan izango da.
Ataunen, Lazkaon eta Seguran, ordea, ekoizpen berriena eta nobedade aipagarrienak izango dira. Enkarguak ere hartuko dituzte, bertan ez dagoen liburu edo diskoren bat abantaila berberekin erosi nahi duenarentzat.
Begia goierritarren ekoizpenean jarriko dute, beste behin. Ataunen, adibidez, Ataundarren txokoa kokatuko dute larunbatean, herriko edo bertako jatorria duten egileei eskainia. Lazkaon, Alejandro Irizar ormaiztegiarra izango da.
Ataunen, aurkezpen ugari
Liburu eta disko aurkezpenei arreta berezia jarriko diete Ataungo azokan. Herri Antzokian jarriko dute. Ataundarren txokoan izango dira Xabier Berasaluze Leturia pandero jotzailea, Ataunen bizi den Andres Gomez Alonso zaragozarra, atera berri duen poesia liburuarekin, eta Zuek Heben ekimeneko zuberotarrak. Udaberrian Ataunen izan ziren, eta beraien lanean txertatu dituzte ataundarrak ere.
Iganderako, berriz, Bernardo Atxaga gonbidatu dute. Azkena izango duela esan duen Etxeak eta hilobiak eleberria aurkeztuko du, Herri Antzokian. Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel beasaindarrak ere izango dira.
Lazkaon, egun erdiak
Ordutegiari dagokion aldaketa bat da Lazkaon nabarmena. Larunbatean (abenduak 14) arratsaldean ez dute azoka zabalduko, beste ekitaldi ugari ere badaudela eta. Aurkezpenei da- gokienez, azoka-egunetatik aurreratuko dituzte gehienak aurten ere. Astelehenetik ostegunera, idazle eta musikari ugari igaroko dira Lazkaotik, formatu askotako aurkezpenak egiteko.
Aipagarria da Tapia eta Leturia bikotearen berrelkartzea. Baina bakoitza bere produktuekin etorriko da: Xabier Berasaluzek panderoa jotzen ikasteko metodo-liburua aurkeztuko du, eta Joseba Tapiak Vint anys zuzeneko diskoa.
Ohi bezala, elkartasunezko merkatu txikia jarriko dute ikastolak eta Ruanda Taldeak, azokan bertan. Gazteek salduko dituzte bigarren eskuko jostailuak, eta dirua Ruandako eskola bati bidaliko diote. DBHkoek, berriz, pintxoak eta txokolatea salduko dituzte, Italiara egin ohi duten truke-bidaiarako.
Seguran, Botikaxaharrean
Botikaxahar kulturgunea bihurtuko da aurten ere liburuen eta diskoen erakustoki. Hitz edo Irri euskara elkarteak, Elorri kultur elkarteak, Guraso Elkarteak eta gazte taldeak antolatu dute.
Herri mailako kultura jarduera batzuek hornituko dute salmenta. Azpilla dantza taldearen gabon saskiaren zozketa, udalak antolatutako herriko egutegirako argazki lehiaketaren sari banaketa, eta Arragoa folk taldearen emanaldia izango dira azokaren osagarri. Gaztaina erreak, ardoa eta salda ere emango dituzte.
Ostiral arratsaldean, larunbatean egun osoan eta igande goizean izango da Seguran aukera.
Liburu azoka 2019
· Noiz. Abenduaren 13tik 15era; ostirala, larunbata eta igandea.
· Deskontua. Hiru azoketan erosketa guztiei %15eko deskontua egingo zaie, udalek finantzatua.
· Enkarguak. Salmahaietan ez dauden tituluak enkargatu ahalko dira, baldintza beretan.ATAUN
· Ekitaldia. 14.a.
· Tokia. Herri Antzokia, San Martin auzoan.
· Ordutegiak. Ostirala 18:00-20:00; larunbata 11:00-14:00 eta 16:00-20:00; igandea 11:00-14:00.
· Aurkezpenak.
–Andres Gomez Alonso zaragozar ataundartuaren ‘Tus ojos mañana’ poesia liburua (abenduak 14, larunbata, 11:30).
–Xabier Berasaluze ‘Leturia’ ataundarraren ‘Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea’ ikasketa liburua (larunbata 14, 12:00).
–Zuek Heben ekimen zuberotarraren ‘Euskal Herriko Atlas Geopoetikoa’, ataundarrek parte hartua (larunbata 14, 12:30).
–Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel, ‘Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara’ liburua (abenduak 15, igandea, 11:30).
–Bernardo Atxaga, ‘Etxeak eta hilobiak’ liburua (igandea, 12:30).LAZKAO
· Ekitaldia. 31.a.
· Tokia. Plazako pilotalekua.
· Ordutegiak. Ostirala 16:30-20:00; larunbata 10:00-14:30 (arratsaldean itxita); igandea 11:00-14:00.
· Aurkezpenak. Azokaren aurretik, astean zehar aurkezpenak:
-Xabier Berasaluze ‘Leturia’-ren ‘Tarrapatan’ liburua, eta Joseba Tapiaren ‘Vint anys’ zuzeneko diskoa. Abenduak 9, astelehena, 19:30ean, Gerriko liburu dendan.
–Eneko Aizpurua idazle lazkaotarrarekin solasaldia, ikastolako DBH4koekin eta Maizpideko ikasleekin. Abenduak 10, asteartea, 11:00, Maizpide euskaltegian.
–Emagin eta Lazkaoko Talde Feminista, ‘Joko eta jolas ez sexistak’ hitzaldia. Abenduak 10, 18:30ean, Gerriko Txokoan.
–Hedoi Etxarte (Katakrak, Iruñea), ‘Sorginak, emaginak eta erizainak’ eta ‘Arimaren etorkizuna’ liburuak. Abenduak 11, 19:30ean, Gerriko liburu dendan.
–Amets Artzallus eta Rafa Egiguren, ‘Miñan’ eta ‘Txipiroiak bere beltzean’ liburuak. Abenduak 12, 19:30, Gerriko dendan.
–Jon Ostolaza eta Alejandro Irizar, ‘Osto eta Ale’ diskoa. Abenduak 15, eguerdian, azokan.SEGURA
· Ekitaldia. 13.a.
· Tokia. Botikaxaharra.
· Ordutegiak. Ostirala 18:30-20:30, larunbata 11:00-14:30 eta 17:00-20:00; igandea 11:00-14:00.
· Saioak:
–Irekiera ekitaldia: korua, Azpilla dantza taldearen saskiaren zozketa, udal egutegiko argazki lehiaketako sari banaketa, gaztainak eta ardoa. Ostirala, 18:30.
–Arrago folk taldearen emanaldia. Igandea, 12:30.
–Larunbat eta igande eguerdietan salda eta pastak.