Gipuzkoako jatetxe eta ibilbideen gida aurkeztu dute Legazpin
Josema Azpeitiak, Txusma Perezek eta Ritxar Tolosak argitaratu dute. 37 jatetxe eta 38 txango proposatzen dituzte liburuan. Garaiko produktuen erabilera izan dute kontuan
Gipuzkoako txokoak bildu dituzte Gipuzkoako jatetxe eta ibilbide xarmagarriak liburuan. Txoko gastronomikoak, eta baita inguruan egiteko txango proposamenak ere. Atzo aurkeztu zuten gida, Legazpiko Azpikoetxe jatetxean. Sua eta Zum Edizioak argitaletxeek argitaratu dute, eta Josema Azpeitia kazetariak, Ritxar Tolosa argazkilariak eta Txusma Perez Azazeta mendizaleak osatutako gida da; hirurak legazpiarrak dira. Ez da argitaratzen duten lehenengo lana; 2018an Nafarroako jatetxe eta ibilbide xarmagarriak liburukia plazaratu zuten. Gipuzkoakoaren antzera, txangoak eta jateko tokiak proposatzen dituzte bertan.
204 orrialdeko liburuxka da atzo aurkeztu zutena; Gipuzkoako 37 jatetxe biltzen ditu, argazkiez eta deskribapenez josita. Jatetxe bakoitzeko errezeta bat eskaintzen dute egileek, eta jatetxe bakoitzaren inguruan egiteko ibilbide bat. Jatetxeez gain, pintxoak jateko Donostiako zortzi taberna ere proposatzen dituzte.
Gastronomia eta mendia
Liburuak egileen bi pasioak uztartzen ditu: batetik, Txusma Perezek mendiarekiko duena, eta, bestetik, Josema Azpeitiak eta Ritxar Tolosak bertako gastronomiarekiko dutena. Perez Euskal Herriko txokoak biltzen dituen hainbat libururen idazlea da. Besteak beste, Euskal bideak ezagutzeko ibilbide onenak izeneko liburua argitaratu zuen 2016an; Euskal Herriko hainbat menditara igotzeko ibilbideak azaltzen ditu legazpiarrak bertan. Azpeitia eta Tolosa, aldiz, Ondojan.com hilabetekariaren egileak dira; gastronomiaren inguruko erreportajeak eta artikuluak lantzen dituzte.
Gipuzkoako gida osatzerakoan, parametro zehatz batzuk izan dituzte kontuan idazleek. Azpeitiak sarreran azaldu bezala, Gipuzkoa jatetxe ezagun ugari dituen lurraldea da, baina ez dira horiek aurkeztera mugatu: «Jatetxe ospetsu eta ezagunak aukeratuko bagenitu, originaltasunik gabeko produktua argitaratuko genuke». Gipuzkoako gastronomiaren «autentikotasuna» eta «desberdintasuna» bilatu nahi izan dutela azaldu du: «Tradizioan eta bertako produktuetan oinarritutako sukaldaritza bilatu nahi genuen, arreta eta kalitate paregabea duena, baina agian hain ezaguna ez dena».
Liburuaren aurkezpenaren ostean mokadutxoa eskaini zuten gonbidatuentzat. Azpikoetxea jatetxeko sukaldari Juanjo Intxaustik prestatu zuen jana, eta Otero ardandegiko Aitor eta Iñaki Mata Perez anaiek Aimarez ardoa eskaini zuten dastatzeko.
Sukaldari ugari bildu ziren aurkezpenean, horien artean Luis Mokoroa Kofradiako Sukalde Jaun Handia.