Lazkaon 8,1 milioiko udal aurrekontua izango da 2020an, aurtendik %6 igoa
Inbertsioetarako 1,5 milioi euro bereizi ditu udalak .Sei plangintza diseinatuko dituzte .EAJk dio «herritarrak ardatz» dituela .EH Bilduk aurka bozkatu du, diru-sail bategatik
Lazkaoko Udalbatzaren ohiko osoko bilkura, azaroari zegokiona, lehengo astean // Aimar Maiz Urtea hasteko hilabete bat falta zela, azaroaren 28ko ohiko osoko bilkuran onartu zuen Lazkaoko Udalbatzak 2020rako udal aurrekontua. Denera, 8.136.382 euro izango ditu, aurtengo aurrekontua baino %5,9 haziagoa. Lazkao Lantzen udal enpresaren aurrekontua ere barruan dago. EAJren aldeko 7 botorekin eta EH Bilduren aurkako 5ekin (zinegotzi bat falta zen) onartu da.
Udal gobernu berriak agintaldirako ondu duen lehen aurrekontua izaki, diagnosiak, azterketak eta plangintzak egiteko baliatuko dute 2020a, ia 100.000 euro bideratuta: Berdintasun Plana, Gazte eta Adinekoen Plana, Euskara Plana, Kirol eta Kultura Ekipamenduen azterketa, Ingurumen proiektuen azterketa eta udal barneko antolaketa landuko dituzte.
Inbertsioetarako 1.502.600 euro jarri dituzte. Kopuruz handienak urbanizazio lanetarako eta kale konponketarako izango dira: Hiribarren-Ibabe industrialdea, Gurutzeko 2. fasea, eta Iturgaitzaga. Gurutzen, 3-4 dorreetako plazaren azpian lurpeko garajeak eraikitzeko eskaria ere aztertuko dute. Antzeko asmoa garatzeko aukera eskainiko dute Aresoko aparkalekuan ere.
Kepa Zubiarrain alkateak aurkeztu zuen aurrekontu proposamena, gobernu-programa oinarri hartuta, zazpi ardatzetan banatuta: «Iruditzen zaigu aurre-
kontu honek herritarrak dituela ardatz, eta zerbitzu egokiak eskainiko dituen Lazkao kohesionatu eta inklusibo bat eraikitzeko giltza izango direla».
Diru laguntzak mantendu, eta zenbaitetan igo egingo direla aurreratu du. Euskara ikasteagatikoa, adibidez, bikoiztu egingo du, 13.000tik 26.000ra.
EH Bilduk aurka egin du
Bozketan ez zen adostasunik izan. EH Bilduk aurrekontuaren aurka bozkatu du. Hiribarren-Ibabe industrialdea berritzeko diru-sailak eragin dio aurkakotasuna, Joxemai Ormazabal bozemaileak argitu zuenez: «Talka Ibabe-Hiribarrenekin egiten dugu. Besteetan amore eman dugu. 500.000 euro horiek beste zerbaitetarako nahi genituen, Hirigintza arloan badaudelako nahikoa proiektu».
Zubiarrain alkateak eta Eneritz Miranda zinegotziak –hark xehetu zituen inbertsioak–, proposamen zehatzik ez egin izana leporatu diote EH Bilduri. Gai horretan sortu zen udalbatzarreko eztabaida bakarra. «Proposamenen zain egon gara, eta ez dira iritsi», bota zuen Zubiarrainek; «proposamenak egin ditugu, kohesio sozialerako, arazoak dituztenei emateko, euskara ikasteak doakoa behar du… Ardura denona da», erantzun zuen Ormazabalek.
Gainontzean, bi alderdiek hauteskunde programan zuten Lazkaomendirako oinezko bidearen azterketa egiteko, diru sail bat onartu dute. Bestetik, autokarabanentzat aparkalekua San Inazion egokitzeko aukera ere sartu da aurrekontuan. Udalak lurra errentan hartu, eta erabiltzaileei tasa bat kobratzeko aukera mahai gaineratu da.
Gobernu programako zazpi ardatzetarako diru zuzkidura honela banatu du Lazkaoko Udalak, datorren urterako: garapen ekonomikoa eta enplegua sustatzeko 550.000 euro; gizarte-ongizaterako, 250.000; kultura, 350.000; kirola, 340.000; gazteria eta adinekoak, 150.000; parekidetasuna, 35.000; eta landa eremua 110.000.
Kiroldegiko garbiketa
Kiroldegiko garbiketa zerbitzuaren kontratua aldatu du udalak, aho batez. Astean 5 orduko luzapena egingo zaio enpresari, sumatutako gabeziak hobetzeko. Hilean 297 euroko kostu gehikuntza izango du.
Boliviari buruz eta Euskararen Egunaz mozioak landu dituzte.












