Saltzaile berria zuhaitz landareekin
Hotza plazan eta izotza tokika, zuhaitz landare garaiaren iragarle bailira. Patxaka sagar txiki basatia protagonista atzoko ferian, eta horrekin batera, baita samenta postu berria ere.
Bi gradu 07:30ean; Ordizian bertan nabarmentzen ez bazen ere, inguruko hainbat txokotan agerikoa zen izotza. Udazken honetako feriarik hotzena graduei dagokionez hala ere. «Gaur hotza bai, baina sanoagoa sentitzen da; egonerako hezetasuna ez da hobea, joan zen astean korrientea sentitzen zen eta ez zen giro hemen» zioen Iñaki Intxausti zeraindar hasi berriak. Berogailuren bat edo beste, eta poltsa beroa ekartzen hasi dira batzuk.
Zubialde Patxakak
Zuhaitzak landatzeko garaian sartu gara. Udaberriko beroa hasi aurretik egin beharreko lanak izaten dira arbola landaketa eta txertaketa. Saltzaile berri batek eman dio aurten denboraldiari hasiera, Beintza-Labaiengo Juan Gamiok, sagarrondo landareekin. Landare horien berezitasuna da «Patxaka edo sagarrondo basatiaren hazitik sortuak direla. Hazi hauek mendian 1.000 metro altueran eta erleek hibridaziorik ez sortzeko elkarren artean 2 kilometroko distantziara dauden sagarrondo basatietatik biltzen ditut, ziurtagiriarekin» dio Gamiok. «Gehien saltzen den landarea klonala izaten da, adarretik ekarria alegia. Berez hiru bat urte lehenago hasten da ematen, baina biziraupen askoz laburragoa du. Hazitik ekarriak 100 urte egin ditzake, klonalak erdia asko jota. Gaixotasunei aurre egiteko askoz indartsuagoak dira, tratamendu beharrik ez dute». Patxaka oinarri izanik, gero nahi den sagar mota txerta dakioke. Txertatzeko erabiltzen dituen metuak ere sagar arbola zaharretik hartuak ditu. Berarekin zuzenean arituz asko ikas daiteke, horretarako aukera asteazkenero izango da Ordizian otsaila bukaerara arte Gudarien Etorbidean, Barrena etxepean. Baita zubialdepatxakak.com webgunean ere. Duten xedea garbi adierazia da hortxe: «Patxaka sagarrondo basatiaren oina berreskuratzea, mantentzea, zaintzea eta ordezkatzea. Euskal Herriko bertako barietate autoktono desberdinak berreskuratzea, mantentzea, zaintzea eta ordezkatzea».
Arkumea prezio berean
Joan zen astean adierazi genuen bezala, astero emango dugu Larsabi elkarteari esker arkumeak izan duen azken prezioaren berri. Joan zen astekoari eusten dio aste honetan, bizirik pisatuta 4 euroan kiloa (+BEZa). Logo berezi bat sortu dute hemengo arkumea identifikatzeko, Super BM saltokietan eta hainbat harakindegitan izango da.