Rwandarekin elkartasuna eta futbola Arabiar Emirerrietan
Lazkaon elkartasun azoka jarri zuen Rwanda elkarteak; Ibon Zoilo zaldibiarra Arabiar Emirerrietatik bueltatu berria zen; eta Javier Ramosek Zumarragako Trikitixaren inguruko liburua argitaratu zuen.
Eguberri giroa nabaritzen hasia zen Goierriko Hitzaren orrialdeetan, 2004ko abenduaren 10 hartan. Lazkaoko Rwanda elkarteak, urteroko elkartasun azoka zabaldu zuen, eta haren berri eman zuen egunkari honek. Beste mundu bat posible da lemapean, azokaz gain erakusketa eta hitzaldi bana ere antolatu dituzten. Rwanda elkartea 2000. urtean sortu zen, Gihara herrian elkartasun proiektu bat bultzatzeko asmoz: Leondardo Esnaola misiolari lazkaotarrak sortutako Eskolatu gabeko haurrentzat ikastxokoa proiektua. Lehen ikastxokoa martxan zen ordurako, 120 umerekin, eta bigarren bat sortu nahian zebiltzan.
Iñigo Zoilo prestatzaile fisikoarekin egindako elkarrizketa ere argitaratu zuen Hitzak, gaur 15 urte. Arabiar Emirerri Batuetan hiru hilabete pasa zituen Zoilok, bertako futbol talde batentzako lanean. Realeko Unai Etxarrik eskaini zien aukera berari eta Gorka Etxeberria donostiarrari. Biak Tolosako futbol taldean zebiltzan garai hartan, eta baiezkoa esan zuten. Urtebeteko kontratua sinatu bazuten ere, taldearen emaitza txarrak zirela eta, entrenatzailea kaleratu zuten, eta harekin batera, baita talde teknikoa ere. Hiru hilabete iraun zuen esperientziak, baina gustura etorri ziren bizitakoarekin, herrialdea bera eta hango futbola erabat ezberdinak baitira hemengoarekin alderatuta.
Zumarran berriz, Javier Ramos musikari eta kazetariak Zumarragako Trikitixa eta bere ingurua (1920-2004) liburua argitaratu berri zuen, eta harekin hitz egiteko tartea ere hartu zuen Hitzak. Zumarragako trikitixa “oso emankorra” izan dela eta “jende asko” aritu dela zioen Ramosek, eta bera zumarragarra izanda, gustura agertu zen herriari horrelako bilduma lan bat uzteagatik.