'Desapiyu Eune' antolatu du Beti Gazte elkarteak urtarrilaren 4rako
Korostira igotzea izango da apustuetako bat, Saninazioko arkutik aterata. Baina erronka gehiago lotu nahi dituzte, banaka, binaka zein taldeka. Bazkaria ere egingo dute.
Lagunarteko pikerik ba al duzu? Azkenean bete ez den apusturik egin al duzu kuadrillan? Urtarrilaren 4a nahi duzun apustua egiteko eguna izango da. Legazpiko Beti Gazte Animakzio elkarteak Desapiyu Eune antolatu du egun horretarako, eta legazpiarrei dei egiten die parte hartzera. Oraingoz pare bat apustu egiteko izena eman dute herritarrek.
Beti Gazte Animakzio Elkartea bere garaian Gaztetxetik pasa eta oraindik gazte sentitzen diren legazpiarren taldea da, 35-40 urte bitartekoak. Urtean zehar ekitaldi ugari antolatzen ditu elkarteak lagunartean disfrutatzeko; oraingoan Desapiyu Eune antolatu dute, urtarrilaren 4rako, gazteek euren erronkak bota ditzaten.
Apustuetako bat Igor Iñurritegi Iñurriren eta Beñat Maiz Katiusen artekoa izango da; Xan Mielgo Orkatza ezizena aukeratu du Iñurrik, eta Maiz, berriz, Aiztonagako Kuatroporkuatroa izango da. Barreak eta giro komikoa oinarri izango dira.
Saninazioko arkutik aterata, goizeko 11etan Korostira azkarrago nor igoko den erabakiko da: «San Inazioko festetako Eufemiano Iturri lasterketaren harira sortu zen ideia; batzuk zioten oinez igoko zutela, besteak bizikletan…bada orain Desapiyu Eunean badago aukera erakusteko», azaldu du Igor Iñurritegi Beti Gazteko kide eta Korostirako apustuaren partaideetako batek. Eufemiano Iturri lasterketa oinez edo bizikletan egin daiteke, baina urtarrilaren 4koa oinez izango da: «nik behintzet erdi oinez, erdi korrika egingo dut», esan du Iñurrik.
Egunean bertan, bazkaria prestatuko dute parte hartzaileentzat: «Soziedadean bazkaltzea da gure asmoa jende dexente elkartzen bagara». Izan ere, oraindik bi apustu besterik ez dituzte.
Oinarri zehatzik ez du izango ekitaldiak, hau da, edonork eman dezake izena, taldeka zein banaka: «Edozein eratara izan daiteke apustua, ez dugu araurik ezarri; banakakoa, binakakoa edo taldeka izan daiteke», azaldu du Iñurritegik.
Hasiera batean lagunarteko apustua izan zen arren, Legazpiko jendea animatzea espero dutela esan du Beti Gazteko kideak: «Kartela egin genuen, baina lagunarteko ekitaldi gisa izan zen; halere, herritarrak gonbidatzen ditugu parte hartzera, egun polita izan daiteke eta. Norbaitek apusturen bat badu edo egin nahi badu eta urtarrilaren 4an ondo badatorkio, egun ederra antolatu dezakegu».
Apustu bakoitzarentzako kartel bana egiteko asmoa dute, taldeak sare sozialetan partekatutako mezuaren arabera: «Apustu bat aurrera eramateko egoeran dagoen beste norbait balego, eta egun berdinean egiteko aukera posible ikusiko balu, jar dadila mesedez gurekin harremanetan facebook edo betigaztelegazpi@gmail.com helbidearen bidez, kartela egin eta hedapena eman diezaiogun», azaldu dute. Apusturik egin ez arren, herritarrak animatzera ager daitezen eskatu dute.
2014an sortu zen Beti Gazte Animakzio elkartea. Ordutik hitzaldi eta ekitaldi ugari antolatu dituzte. Urrian asteburu mikologikoa antolatu zuen elkarteak Legazpiko Udalaren eskutik.