Elkartasunaren saskia
Zortzigarrenez abiarazi dute saski solidarioa, Caritasen ekimenez eta Udalaren, ikastetxeen, Garagunearen eta Zuhaiztiren laguntzarekin. Abenduaren 20ra arte egingo dute bilketa
Batzuk Gabonetako oparitarako zer erosi edo zer nahi duten pentsatzen ari diren bitartean, beste batzuek ahora zer eraman ere ez daukate; horregatik, saski solidarioaren ekimena martxan jarri dute Ordizian zortzigarren urtez. Caritasek, herriko ikastetxeek, Garagune zentroak, Zuhaizti gizarte zentroak eta Ordiziako Udalak elkarlanean garatzen dute ekimena, Ordizia Hiri Hezitzailea proiektuaren barruan.
Kanpaina horren bidez behar gehien duten pertsonei laguntzeko elikagaiak eta bestelako materialak bilduko dituzte, eta jasotako guztia Caritasi emango diote, urtean zehar behar gehien dutenen artean banatzeko. Abenduaren 20ra bitarte egingo dute bilketa, Jakintza ikastolan, Oianguren institutuan, Urdaneta ikastetxean, Caritasen, Garagunean eta Zuhaizti zentroan, Zuhaizti zentroa izango da herritarrentzako bilketa gune nagusia. Zentroa zabalik dagoen bitartean edozein ordutan utzi daiteke bakoitzak emateko duena.
Parte hartu nahi duten haientzat, ondorengoak dira gehien behar dituztenak: esnea, olioa, pasta, arroza, lekale kontserbak eta bestelako kontserbak, gaztatxoak, norberen garbitasunerako produktuak, azukrea, gailetak, turroia, txokolatea eta kafea, besteak beste.
Balioak lantzen
Belaunaldien arteko elkar ezagutza eta baloreen transmisioa dira Hiri Hezitzailea proiektuaren helburuetako batzuk, eta saski solidarioaren dinamikarekin gazteek elkartasunaren balioa zer den lantzen eta ikasten dute, besteak beste.