«Herri mailan ideiak aurkitu beharra daukagu, norantz jo»
Hirugarren agintaldiari ekin dio Jokin Garmendiak (Olaberria, 1965). Herri izaerak kezkatzen du, eta gazteen gaia «zintzilik» ikusten du. Eguneroko «gauza txiki asko» ditu gerorako erronka.
Hirugarren agintaldia hasi duzu. Indartsu?
Indarrez; jada aspertzen edo nazkatzen hasita, eta trukua hartuta ere bai. Borroka horretan. Hiru agintaldi jada nahikoa dira. Duela zortzi urtetik, beste ikuspegi batekin nago. Gutxi gora-behera, badakigu zer egitera iritsi gaitezkeen, eta hori errematatzera goaz, azken gola sartzera.
Azkenekoa?
Beno, duela lau urte ere hala esan nuen baina…
Herria hobeto ezagutuko duzu, 2011n alkate hasitakoan baino.
Bai, eta herritarrek ni ere bai. Zentzu horretan, hobeto.
Olaberriko panorama politikoa, duela urte batzuk talde ugari zituena, bi aukeratara murriztu da?
Bi aukeratara joan da. Guk mantentzen dugu lehen genuen fokua, eta besteek irabazi edo berreskuratu egin dute. Ez dakit fluxuak nondik nora joan diren, baina aspaldiko oreka hori mantentzen ari gara.
OEOren giltzak zein dira?
Gertutasuna eta seriotasuna. Ezagutzen gaituzte zer egiten dugun, eta uste dut nahiko gertukoak garela. Oreka hori nabarmenduko nuke: ez gaude herritarrengandik aparte, beraien artean gaude, eta seriotasuna. Jendeak badu konfiantza.
Zer moduzko giroa duzue udalean eta udalbatzan?
Ona. Nik uste, lehen izan ditugun tentsioak, alderdien artekoak, nahiko orekan daudela. Elkarlanerako nahiko prest ikusten gara besteekin, eta besteak gurekin ere bai. Zinegotzi mailan, egoera oso erosoa dugu, zazpitik bostekin.
Zuen taldean berrikuntza asko izan da?
Emakume asko sartu dira. Gizonezkoak baino prestago agertu dira. Bikote batengana joaten zara zerrenda osatzeko proposatzera, eta beti jarrera hobea dauka emakumezkoak gizonezkoak baino. Sei hilabetean bajan egon naiz, eta nahiko txukun eraman dute. Igual nik egingo nukeena baino hobeto. Hala ere, gazteak erakartzea zaila da. Nire lau kideetatik hiruk errepikatu dute.
Orain lau urte zenioen Olaberria XXI. mendera ekarri nahi zenutela, baita pentsakeraz eta jarreraz ere. Lortu duzue?
Borroka horretan ari gara. Aldatu da zerbait, baina oraindik ikasgaia gainditzeke dago. Eskema mentalak, gehien bat.
Zertan apustu egiteko asmoa duzue?
Agintaldiaren orain artekoan ez dugu gauza handirik burutzerik izan, baina azpiegiturak berritzen jarraitzen dugu. Herribide bat egokituko dugu Beasaindik Olaberriara oinez edo bizikletaz igotzeko, eta aldi berean baserritarren erabilerarako konpartitua izango dena. Bestetik, Ihurren taberna bakarra zegoen, eta hura itxi egin dute. Herri taberna edo ostatutxo bat han egiteko asmoa dugu, datorren urtean martxan jartzekotan. Gero, betiko borroka daukagu: gazteen asignatura daukagu zintzilik. Kasik galdutako bataila bat bezala da.
Zerk kezkatzen zaitu?
Inguruko herrietan guk inoiz eman ezingo dugun eskaintza daukate, eta adin batera iritsitakoan martxa egiten dute. Ordura arte saiatzen gara gaztetxoekin, ludoteka dela, ekintzak direla… Apustua da 13-14 urtetik 18ra arteko adin tartean zerbait antolatzea. Baina bi auzo oso banatuak dauzkagu, batean taldetxo batzuk daude, bestean beste batzuk, biak dira txikiak, elkartzeko distantziak… Apustu indartsu bat egin nahi dugu, baina zaila daukagu nondik joan.
Zer falta da?
Semeak-eta brainstorming esaten diote. Halakoak planteatu gabe, baina herri mailan ere ideiak aurkitu beharra daukagu, zeren gaitasuna badugu berritzen joateko. Zer aldetara joan, hori da gakoa. Sorkuntzaren fasea da garrantzitsuagoa ia, beti kontrakoa izan naizen arren: planak egiten denbora galtzea iruditu, eta gero ekintzak egiteko garaian gaitasunik ez. Hor oreka bat aurkitu behar da.
Hilerri berriaren proiektua bazenuten. Nola dago?
Geldialditxo bat egitea erabaki dugu. Datorren urteari begira, parte-hartze prozesu bat jarriko dugu, jendeak zer ikuspegi daukan jakiteko. Zeren hor ere ohitura aldaketak etorri dira: hilerria geroz eta gutxiago erabiltzen da, eta dimentsio horietako hilerri batek geroz eta zentzu gutxiago dauka. Agian, etorkizuneko hilerria errautsak uzteko gunetxo bat izango da, beste neurri batekin. Datorren urtean hasiko gara hausnarketarekin.
Udaletxe alboan estalpea egiteko asmoa alboratuta dago?
Alboratuta ez dago. Ideia zen herrigunean estalpetxo bat izatea. Udaletxearen eta frontoiaren artean planteatu zen, eta, nahiz eta kontzeptua gustatu zitzaigun, aparkatuta daukagu hori estaltzea, baina antzeko estali bat beste toki batean bideratzeko asmotan. Beste aldean, aparkaleku izateari utzi, eta plaza horretan beharbada egingo dugu estalpetxo bat. Horretarako, Zezilionetik beherantz dagoen Elizegi Berria etxea, hutsik dagoena, erosteko prozesuan gaude. Hori bota, atzeko zelaian egin aparkalekua eta pasalekua, eta plaza kotxeetatik liberatzea izango litzateke, plaza izaera izan dezan.
Ihurreren eraberrikuntza bukatu da erabat?
Kale bat falta zaigu, bukatzeko. Ihurre auzoa eraberritzen asko aurreratu genuen lehengo agintaldian, eta geratzen direnak orain bukatzeko asmoa dugu. Atzeratu egin da, tartean Iberdrolaren azpiegitura batzuk daudelako. Kirol gunea martxan oraintxe ari da hasten, padel pistak eta. Hor ere badugu beste fase bat egiteko asmoa, gutxienez tenis pista bat estaltzeko. Ikusi behar dugu, baita ere, eskaera zenbaterainokoa den. Igerilekuak izugarrizko arrakasta izan du azkeneko bi urteotan, inguruko herrietako jende pila bat etorri da.
Zer behar dago kulturan, gizarte ongizatean, herritarren harremanetan edo hezkuntzan?
Helburu eta gauza txiki asko ditugu, batez ere egunerokoan topatzen ditugunak. Eskola txikia, txikitzeko fasean dago orain. Gailurrera iritsi zen haur kopuru aldetik, eta orain jaisten ari da. Mantendu behar dugu, nola edo hala. Era bakarra umeak izatea da. Eta haur eskola mantentzea ere bai, batera baitoaz.
Adineko jendearen apustua egiten jarraitzen dugu, beraien aisialdirako ludotekarekin. Hasi da funtzionatzen. Gertatzen dena da, adinekoen parte-hartzea herriko ekintzetan geroz eta murritzagoa dela. Adina igo ahala eta belaunaldi aldaketa datorrenean, jubilatu elkartea eraberritzea kostatu egiten da.
Zein da herri honen indarra erronka horiei aurre egiteko?
Ez dakit. Herri izaera kontrajarria da ikuspegi horiekin. Orduan, ez dakit nondik bideratu herritartasuna. Gazte taldeak osatu behar dira, eta horiek eduki behar dute olaberritar sentimendua. Eskolan elkarrekin hazitakoak dira, baina iristen da adin bat galtzen dena, alde batera eta bestera doazelako.