Iparragirre, rock izarren pare
Gainzuri ikastetxeko ikasleek Iparragirreri buruzko erakusketa eta egutegia egin dituzte. Datorren urtean, bere jaiotzaren 200. urteurrenean, dokumentala ere egingo da.
Kanta ezagun eta abestuenen artean Joxe Mari Iparragirreren asko daude. XIX. mendeko musikari herrikoiena izan zen, egungo rock izar handien pare. Datorren urtean bere jaiotzaren 200. urteurrena ospatuko da eta handienek bakarrik jasotzen duten aitorpena jasoko du. Iparragirreri gorazarre egiten lehenak Gainzuri ikastetxeko ikasleak izan dira. Berari buruzko egutegia egin dute eta astelehenean erakusketa ireki zuten.
Gainzuri ikastetxeko ikasleek urtero egutegi bat egiten dute eta ondoren erakusketa bat prestatzen dute egutegiaren inguruan egindako lanarekin.
Egitasmo honen helburua ikasleen artean euskara eta euskal kulturarekiko sentiberatasuna sustatzea da. Urtero gai bat lantzen dute: dantzak, jolasak, sendabelarrak, bertsolaritza, baserria, artisauak… Aurten Iparragirre eta Anjela Kerexeta bere emaztea izan dira lanaren ardatzak.
Ikasturtea hasi zutenetik, ikasleek Urretxuko olerkariaren eta bere emaztearen biografiak, garai hartako bizimodua, ohiturak… landu dituzte. Gainera, ziklo bakoitzak hiru abesti landu ditu. Kanta bakoitzari kontakizuna eta irudia gehitu dizkiote. Lanik onenak egutegian txertatu dituzte.
Horiek, eta gainontzeko guztiak, Juan de Lizarazu aretoan ikus daitezke. Lanak hilaren 15era arte egongo dira ikusgai, 17:00etatik 20:00etara. Erakusketan egutegiak salgai jarri dituzte, 5 euroan.
Urteurreneko egitasmoak
Iparragirrek kalea, plaza, estatua eta mausoleoa ditu Urretxun. Beste herri askotan ere kaleak ditu. Gernikako juntetxean, berriz, bere gitarra ikusteko aukera dago. Laura Vicario luthier bilbotarrak gitarra zaharberrituko du eta jotzeko moduan utziko duela uste du. Bestalde, udalak eta Fitbak enpresak Iparragirreri buruzko artxiboa urretxu.eus webgunean jarri dute, mundu guztiaren eskura.
Egitasmo horiek guztiak bere jaiotzaren 200. urteurrenaren inguruan antolatu dira. Eta askoz ere gehiago antolatuko dira: Gorka Hermosak eta Gontzal Mendibilek kontzertua egingo dute, Urretxuk XIX. mendera bidaiatuko du Euskal Kantuzale Elkartearen eta Euskal Herria Kantuzen eskutik (bere kantak abestuko dira eta herritarrek XIX. mendeko ofizioak antzeztuko dituzte), Gainzuri ikastetxeak haur abesbatzen topaketa egingo du, Karabansarai enpresa eta Loraldia elkartea Iparragirreri buruzko antzezlanak prestatzen ari dira, Jon Maiak koblakariari eta bere garaiari buruzko dokumentala egingo du, Francisco de Paulak Iparragirre en la corte liburua aurkeztuko du, Lurra dantza taldeak Iparragirreren eta Kerexetaren jantziak egingo ditu…
Iparragirrek hori eta gehiago merezi du. Izan ere, euskaldunon kanta kuttunenetako batzuk egiteaz gain, Netflix-ek telesail bat egiteko moduko bizitza izan zuen.
Bizitza harrigarria
Urretxuko Kale Nagusian jaio zen. Bere aita Idiazabalgoa zen eta ama, berriz, Gabiriakoa. Madrilera joan ziren berak 12 urte zituenean. Aita karlista sutsua zuen eta lehen Karlistada hasi zenean amari eskolara zihoala esan eta Euskal Herrira etorri zen karlistekin borrokatzera. 13 urte besterik ez zituen.
Gerran zauritu egin zuten eta On Carlosen ohorezko guardiako kidea izan zen. Bergarako Besarkadaren ondoren, Euskal Herria utzi behar izan zuen. Rolling Stones taldeak berak sinatuko lukeen bira egin zuen, hegazkinik eta autorik gabe: Frantzian, Suitzan, Italian eta Ingalaterran abestu zuen.
Frantzia italiar komediante batzuekin zeharkatu zuen eta altxatuen alde azaltzeagatik bota zuten. Ingalaterran Tiroleko kanta bat euskaraz abestu zuen eta Mazarredo jeneral bilbotarraren bihotza bigundu zuen: Euskal Herrira itzultzeko baimena lortu zion.
Gernikako Arbola
1852an heldu zen Bilboko portura. Kantaldi batean lortutako diruarekin, Madrilera joan zen bere ama bisitatzera. 13 urte pasa ziren eskolara joateko agur esan zionetik. 1853an Gernikako Arbola abestu zuen lehenengoz, Madrilgo kafe ospetsuenean.
Euskal Herrira itzuli eta hamaika kontzertu egin zuen. Foru zaleei Gernikako Arbola probokatzailea iruditzen zitzaien eta salatu egin zuten. Tolosako kartzelan sartu zuten eta ondoren Euskal Herritik bota zuten.
Itzuli ondoren, Anjela Kerexetarekin ezkondu zen eta Hego Amerikara joan ziren etorkizun hobe baten bila. Artzain eta tabernari lan egin zuen, baina gitarrari ardiei baino arreta gehiago jartzen zion eta tabernan lagunak gonbidatzeko ohitura zuen. Herrimina zuen eta lagunek itzulera bidaia ordaindu zioten. 1877an itzuli zen eta emaztea eta seme-alabak ekartzea lortu baino lehen hil zen, 1881ean.