Ordizia Zabalik diru laguntza programa abian da seigarrenez
Tokiko merkataritza biziberritzeko eta lehiakortasuna indartzeko helburua du. 21.000 euroko aurrekontua bideratuko dute. Eskaerak egiteko epea zabalik dago
Ordizia Zabalik ekimena abian da seigarrenez, tokiko merkataritza biziberritzeko eta lehiakortasuna indartzeko helburuarekin, besteak beste. Aurten 21.000 euro bideratuko dituzte ekimen horren barruan emango diren diru laguntzetara, hala jakinarazi dute Ordiziako Udaletik. Interesa dutenek eskaera egin beharko dute abenduaren 18a baino lehen.
Duela sei urte, Ordiziako Merkataritza Eraberritze Plan Bereziak, Ordiziako merkataritza eta ekonomia suspertzeko beharraren aurrean, Ordizia Zabalik laguntza programa abiarazi zuen. Merkataritza lokalei erabilera berriak emanez «ekonomia biziberritu zenez», horri jarraipena eman zaio seigarren deialdira iritsiz.
Orain arte, «37 ekintzaile izan dira laguntza programan eta ekintzaileen jarraipena %75etik gorakoa izan da». Deialdi berriak, zazpi eskaera berriei erantzuteko aurrekontu nahikoa du. Ekintzaileei lokalaren alokairuaren zati bat ordaintzeko erabiliko da. Laguntza hori bi urtez jaso ahalko da gehienez. Lehengo urtean, udalak %40 finantzatuko du (300 euro gehienez hilean), eta bigarrenean% 25a (hilean 200 euro gehienez).
Hiru norabidetan lantzen den proiektua da Ordizia Zabalik. Batetik, «herrian ez dauden negozio berritzaileak erakarri nahi dira, ekintzaile berrien bitartez». Bigarrenik, «herriko gune desberdinetako beharrak asebete nahi dira». Eta hirugarrenik, «belaunaldi aldaketari erantzun bat eman nahi zaio».
Baldintzak
Diru laguntza programa horretan parte hartu nahi dutenek eskaera egin beharko dute, baina horrekin ez da nahikoa izango, hainbat baldintza bete beharko dituztelako. Hutsik dauden lokaletan ondorengo jarduerek leku har dezakete: txikizkako merkataritza, elikagaigintza sektorea, pertsonei zuzendutako zerbitzu enpresak, interesa izan dezakeen beste edozein, eta merkataritza biziberritzeko koherentea dena. Negozioak bideragarria izan beharko du, eta curriculuma eta jardueraren memoria proiektua ere aurkeztu beharko dira.
Informazioa www.ordizia.eus webgunean, 639 513 495 telefonoan eta merkataritza@ordizia.eus epostan eska daiteke.