Tapia eta Leturia, bakarlari ere bikote
Trikitilari bikote ospetsua Lazkaon izan da, bakoitza bere lana hartuta: Joseba Tapiak 'Tranpaldoan' diskoa eta Xabier Berasaluzek 'Tarrapatan' liburua. Elkarrenak eta batak bestearenak xehetu dituzte.
Estimu handia diote Tapiak eta Leturiak elkarri. Bikote musikaleko harremana ez guztiz duela ia 20 urte bukatu bazuten ere, lagun eta kide segitzen dute. Herenegun Lazkaon izan ziren, Gerriko liburu dendan aurkeztu baitzituen bakoitzak bere azkeneko produktuak. Umorez eta zertzelada mordoa kontatuz, musika-jakintza handia erakutsi dute, hitzez ere.
Joseba Tapiak (Lasarte, 1964) bakarkako ibilian 8. diskoa du Tranpaldoan. Trikitira itzuli da berriro, aurreko lanean gitarra elektrikoarekin gazteengana gerturatzeko saiakeran «rock zaharra» egiten zuela jabetu ostean eta «testuen eta ilustrazioaren» aldiari jatorrizko puntua kontrajarri nahian. «Musika herrikoiaren» alegoria da oraingoa, nonahikoa eta noranahikoa. «Ez daukagu musika popularrik, hau ez da berritzen ari. Estribillodun zenbat kanta neuzkan bila hasi nintzen; ez agian kalerako, baina antolatu behar nuen zerbait herrikoiagoa, duintasun pixka batekin», esan du Tapiak.
Tranpaldoan izenburuak, zuzenekoari egiten dio erreferentzia, oholtzatik egindakoa.
Panderoa, zazpi egunean
Xabier Berasaluze Leturia-k (Villabona-Amasa, 1954), berriz, bereizezin duen panderoa ikasteko metodo «dinamikoa, garbia eta laburra» aurkeztu du, Tarrapatan liburu DVDduna. Nahiz eta Eleuterio Tapiarekin Josebaren osaba trikitia ikasi zuen, panderoaren joa irauli du. Teknika motak, jotzeko erak eta «erraz» ikasteko modua dakar. Liburuaren sarrera, nola ez, Joseba Tapiak idatzi dio, eta Iñaki Telleria idiazabaldar perkusionistak musikatu erritmoak.
1980a jarri du Leturiak mugarritzat, euskal musika aldatu zen urtea. Tapiarekin 1984an hasi zen, eta aurreko 7 urteetan beste trikitilari batzuekin astindu zuen panderoa. Pasarte ugari idatzi ditu liburuan garai hartakoak, Eleuteriok soinu eskoletan istorioak kontatzen zizkien bezalaxe.
Ataungo jatorria dute biek. Leturia larunbatean Ataungo azokan izango da, aurkezten. Lazkaon, Katakrakeko Hedoi Etxarte izango da, gaur 19:30ean.