Urrezko aro bati omena
Santa Lutzi egunaren bezperan, Zumarragako Trikitixa omendu zuten, Antonio Oteizaren eskultura jarrita eta historia liburua argitaratuta. Iñaki Apalategik Xenpelar Saria irabazi zuen
Eguberrien eta Santa Lutzi egunaren atariko giroa sumatzen zen, duela 15 urte, GOIERRIKO HITZAren orrialdeetan. Zumarragako Trikitixari omenaldia egin zioten, eskultura batekin, eta haien omenezko liburua ere argitaratu berria zen. Mutiloa eta Zerain arteko errepide berria eta Iñaki Apalategik irabazi zuen Xenpelar saria izan ziren asteko albiste nagusiak.
Trikitixaren historian leku berezia izan du Zumarragak, eta horren lekuko da Zumarragako Trikitixa, hainbat belaunaldik eta musikarik hauspotutako mugimendua. Santa Lutzi egunaren bezperan, Antonio Oteizak egin eta eliza parean jarritako eskultura estreinatu zuten. Bertan bildu ziren Zumarragako Trikitixako lehengo eta egungo ordezkariak ere. Aste berean, Javier Ramosek Zumarragako Trikitixa eta bere ingurua (1920-2004) liburua argitaratu zuen.
Zerain eta Mutiloa, lotuta
Gaur hamabost urteko egunkariak jasotako albisterik nabarmenena, Zerain eta Mutiloa arteko errepide berriaren ingurukoa izan zen. Joxe Joan Gonzalez Txabarri Diputatu Nagusia etorri zen proiektua aurkeztera. 2005eko apirilean hastekoak ziren lanak, milioi bat euroko aurrekontuarekin. Bi herriak lotzeko, garrantzi handia izango zuen bide horrek etorkizunean.
Bertsolaritza kontuak ere bai. Iñaki Apalategirekin hitz egin zuen egunkari honek, Xenpelar saria jaso berritan. Gustura agertu zen beasaindarra, sariarekin eta finalean egindako lanarekin, eta sariek plazari begira zuten eragina nabarmendu zuen, «plazetan aritzeko txapelketetan ere ondo» aritu behar baita.