Eguberrietan erosketak herrian egitea bultzatuko du 'Denda txiki, herri handi' kanpainak
Abenduaren 16tik 24ra arte egongo da martxan tokiko merkataritza indartzea helburu duen kanpaina. 90 bat establezimenduk parte hartuko dute, duten onena eskainiz
Denda txiki, herri handi lemapean eta tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko helburuarekin, sentsibilizazio-kanpaina egingo dute Ordizian abenduaren 16tik 24ra. Egun horietan, kanpainan parte hartzen duten dendetan erosketak egiten dituztenek opari txartelak jasoko dituzte. 1.140 sari daude jokoan, erosketa poltsak, aterkiak, katiluak eta hiru euroko, bost euroko eta 10 euroko baleak, hain zuzen. 150 euroko, 100 euroko eta 50 euroko balioa duten erosketa-txartelen zozketan parte hartzeko aukera ere izango da.
Hainbat sektoretako 90 merkataritza-establezimenduk parte hartuko dute ekimenean, besteak beste, elikadura, dekorazioa, kirola, diseinu grafikoa, etxetresna elektrikoak, argazkilaritza, ostalaritza, informatika, erlojutegi, optika, ile apainketa eta estetika, telefonia eta ehunak. Eskaintza oso zabala da, eguneroko beharrak asetzeko baita Gabonei begira ere, opariak, urrutira joan gabe, tokiko establezimenduetan erosteko.
Gertutasuna
Kanpainaren leloak udalerriko denda txikiei egiten die erreferentzia, izan ere «horiek dira herri bat handi egiten dutenak». Herriko establezimenduaren alde egitea «gertukotasunaren eta gure jendearen alde egitea da, urte osoan zehar saltokiak aurrera ateratzen ari diren gure lagunen eta senideen alde, haiek gure kaleetan izateak dituen onura guztiak kontuan izanik, haiek baitira egunero ikusten eta entzuten ditugunak».
Horregatik guztiagatik eta urtea amaitzeko, Ordiziako merkatariek, Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako Elkartearen bitartez eta udalarekin lankidetzan, urteko 365 egunetan izandako bezeroen fideltasuna saritzea erabaki dute, sari zuzenak banatuz eta erosketa txartelen zozketan parte hartzeko aukera emanez,
Beste ekintza batzuk
Gainera, Ordizian elkarteak Gabonetako saskien zozketa martxan du, eta laster errege-opilen zozketa ere martxan jarriko du, hori guztia Ordizian txartelarekin erosketak egiten dituztenentzat. Sariak ausaz aterako dira fideltasun txartela erabiliz egindako erosketen ticketetan, eta Ordizian Merkataritza Bulegoan trukatu ahal izango dira.
Horrez gain, aurreko urteetan bezala, Merkataritza Elkarteak lau photocall jarriko ditu herriko lau puntutan, ordiziarrek eta bisitariek, Olentzeroren, Mari Domingiren eta Errege Magoen irudiekin argazkiak atera ahal izateko. Abenduaren 18tik urtarrilaren 3ra bitartean egongo dira jarrita, eta azken egun horretan, 300 euroko sari bat zozkatuko da argazkia egitera animatu eta photocalletan adierazitako whatsapp zenbakira argazkiak bidaltzen dituztenen artean.