Elkartasun astea egingo du Hotz Legazpik 16tik 21era bitartean
SOS Arrazakeriako Mikel Mazkiaranek hitzaldia egingo du 17an. Arropa eta elikagaiak bilduko dituzte 21ean, Greziako eta Serbiako kanpalekuetara eramateko
Elkartasun astea antolatu du Hotz Legazpi elkarteak abenduaren 16tik 21era. Ekitaldi desberdinak prestatu dituzte, errefuxiatuek kanpamentuetan bizi duten egoera ezagutarazteko eta horren inguruan hausnartzeko. Abenduaren 21ean amaituko da, arropa eta elikagai bilketarekin.
Errefuxiatuek pairatzen dutena ezagutaraztea eta egoerari buruzko hausnarketa sustatzea da helburua. Horretarako hainbat ekintza egingo ditu Hotz Legazpik. Ia egunero egingo dute ekitaldiren bat. Hasteko, abenduaren 17an, hitzaldia egingo du Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeria taldeko kideak: Inmigrazioa Euskal Autonomia Erkidegoan, diagnostikoa eta hausnarketa da hitzaldiaren titulua. Kultur etxean izango da, 19:00etan.
Abenduaren 20an, berriz, Varados dokumentala proiektatuko dute Latxartegi zineman, 20:00etan. Helena Taberna zuzendariaren lana da Varados, 2019an estreinatua. Epe luzean zain dauden errefuxiatuen eguneroko bizitza islatzen du; Atenasko (Grezia) eraikin okupatuetan edo errefuxiatu zelaietan bizi diren pertsonen bizitza, dokumentazioa noiz emango dieten zain. Dokumentalaren ostean, Zaporeak erakundeko boluntario den Xabier Gesalagarekin solasaldia egongo da. Zaporeak taldeak otorduak banatzen ditu Grezian 2016tik. Gaur egun, Lesbosen dabiltza lanean, eta 1.300 otordu inguru banatzen dituzte errefuxiatuentzat. Jon Maiztegi Hotz Legazpiko kideak azaldu du elikagaiak biltzearen beharra: «Zaporeak erakundearen nahia da biltegia beterik izatea, otordu horiek ematen jarrai dezaten».
Arropa eta elikagai bilketa
Elkartasun astea amaitzeko, beraz, arropa eta elikagaien bilketa egingo dute hilaren 21ean, Azokan. Lesbosera bidaliko dute jasotakoa, baita Serbia eta Kroazia arteko mugara ere. Pasta, arroza, dilistak, babarrunak, garbantzuak, sardinak eta atuna latan, olioa eta espeziak behar dituzte batik bat. Arropari dagokionez, negukoa behar dute batez ere.
1.000 kilogramo elikagai lortzeko erronka jarri diete legazpiarrei, parte hartzera eta laguntzera anima daitezen.