Plazari neurria hartu nahia
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko dute bihar, zortzi bertsolarik. Nerea Elustondo legazpiarra lehenengo aldiz izango da finalean; «ilusioz beteta» joango da eta «ahalik eta tenple onenarekin» aritu nahiko luke.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko dute bihar Illunben, Donostian, 17:00etan. Zortzi bertsolarik hartuko dute parte, eta, horien artean, Nerea Elustondo legazpiarra izango da. Gipuzkoako txapelketako final batera iristen den lehenengo aldia da. Elustondoz gain, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Jon Maia, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Beñat Lizaso egongo dira Donostia Arenan. Azken bi horien lehenengo finala ere izango da.
Elustondorentzat sorpresa izan da finalera iristea: «Arrasateko finalerdian puntuazioak entzun nituenean finala urrun geratu zitzaidala sentitu nuen», aitortu du. Halere, 467 puntu lortuta, Illunben kantatuko du lan ona egiteko helburuz: «Ilusioz beteta joango naiz Illunbera, eta gustatuko litzaidake behin han egonda, lekua handiegi ez geratzea eta ahalik eta tenplerik onenarekin aritzea bertsotan», azaldu du. Horrelako areto batean ariko den lehenengo aldia izango dela adierazi du: «Illunbe bezalako plaza erraldoi eta jendetsu batean kantatuko dudan lehenengo aldia izango da eta, beraz, ez dakit nola erantzun dezaketen nire gorputzak eta buruak».
Itziar Etxezarreta ezkiotarrak eta Ion Zalduak egingo dituzte aurkezle lanak, eta Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela irabazleari. ETB4 kateak osorik eskainiko du finala zuzenean.
SARRERAK
· Internet bidez. Bihar eguerdiko 13:00ak arte erosi ahal izango dira bertsosarrerak.eus webgunean.
· Txarteldegian. Sarrerak agortu ez badira, 15:00etan irekiko da txarteldegia bihar.
· Prezioak. Bertsozale Elkartekoentzat 18 euro eta gaztetxoentzat (6-16) 12 euro. Sarrera arruntak 24 euro balio ditu.SARBIDEAK
· Ateen irekiera. 15:30ean irekiko dituzte ateak. 2, 1 eta 10. ateak erabiliko dituzte bertsozaleek aretora sartzeko. Barruan, nahi duten lekuan kokatu daitezke.