Euskara kamusten ari da literatura sorkuntzan
Itzulpengintzak eta ikerketa-lanek mantentzen dute liburu ekoizpenean euskararen presentzia. Narratiban lan berri gutxi atera dira euskaraz. Idazle berriek erdarara jo ohi dute
Goierrin edo goierritarrek idatzitako 37 tituluko bilduma eman du 2019an, liburugintzan. Generoari dagokionez, ikerketa, saiakera eta dibulgazio arlokoak izan dira oparoenak kopuruz (19), herri mailako azterketa historikoak ere hor sartuta. Sorkuntza literarioaren multzoan sailka daitezke gainontzeko 18ak: narratiban 12, poesian bat, haur literaturakoak 3 eta itzulpenak 2.
Hizkuntza aukerari dagokionez, azken urteetako joera errepikatu da bukatzear den urtean ere. Ikerketa eta saiakera gehienak euskaraz baldin badira (%58), eskualdeko literatura-ekoizpenean oso bakana geratu da euskararen presentzia. Haur literaturakoak (hirurak euskaraz dira) eta itzulpenak kenduta, narratiban gaztelania da nagusi (%66), eta poesia lan bakarra ere gaztelaniaz atera da.
Idazle gazte edo berrien arteko joera da beste datu kezkagarri bat, euskararen normalizazioari begira: lehen narrazio liburua ateratzeko urratsa egin duten ia denek gaztelaniaz argitaratu dute, nahiz eta euskal hiztunak izan horietako asko.
Idazle kontsakratuek eusten diote euskararen fideltasunari. Xabier Mendiguren Elizegi, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre beasaindarrak, Patxi Zubizarreta ordiziarra, Garazi Goia segurarra, edota Jesus Mari Mendizabal ormaiztegiarra kasu.
Diskogintzari dagokionez, iazko ekoizpenaren azpitik geratu da 2019. urtea; 14 disko aurten, iazko 22en parean. Liburugintzan ere kopuru txikiagoa atera da aurten (iaz 45 titulu).
Asteburuan liburu azokak
Bertako ekoizpena erosteko plaza paregabea eskainiko dute Goierriko liburu azokek, gaurtik igandera. Ataunen, Lazkaon eta Seguran azoka bateratuan parte hartuko dute; Beasainen ere antolatu du udalak. Egileak zuzenean entzuteko aukera izango da, aurkezpenekin.
Ataunen, bihar, Ataundarren txokoa-n herriko edo herritar jatorriko egileak izango dira, 11:00etatik 12:30era: Andres Gomez Alonso (Tus ojos mañana liburuarekin), Xabier Berasaluze Leturia (Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea liburua), Zuek Heben taldeko Mixel Etxekopar, Jean-Christian Hirigoien, Pierre Vissler eta Patxi Laskarai (ataundarrek parte hartutako Euskal Herriko Atlas Geopoetikoa).
Etzi, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek Trikua esnatu da liburua aurkeztuko dute (11:30), eta Bernardo Atxaga asteasuarra Etxeak eta hilobiak azken eleberria xehetzera joango da (12:30).
Liburu azokaren harira, mikroipuin lehiaketa antolatu du Ataungo Irakurle Taldeak. Twitter luzera behar dute. Partaideen artean, 20 euroko erosketa-bonu bat zotz egingo dute, gaur.
Lazkaoko azokan bi aurkezpen izango dira. Gaur, 17:15ean, Esne Beltzako Xabi Solano eta Ander San Jose, Bi diskoarekin; eta igande eguerdian Alejandro Irizar ormaiztegiarra eta Jon Ostolaza, Osto eta Ale dultzaina eta trikiti diskoarekin.
Lazkaoko azoka gaur (16:30-20:00), bihar (10:00-14:30) eta etzi (11:00-14:00) plazako frontoian egongo da. Seguran, Botikaxaharren, gaur (18:30-20:30), bihar (11:00-14:30 eta 17:00-20:30) eta etzi (11:00-14:00). Ataunen, Herri Antzokian, gaur (18:00-20:00), bihar (11:00-14:00 eta 16:00-20:00) eta etzi (11:00-14:00). Beasainen, Zubimuzu plazan, gaur eta bihar (11:00-14:00 eta 17:00-20:00), eta igandean (14:00ak arte). Denetan %15eko deskontua egingo dute.