«Herrien artean sareak sortzea beharrezkoa dela uste dut»
Zinegotzi karguan sei urtez egon zen Iñaki Aizpuru (Itsasondo, 1956). EH Bildurekin hautagaitza aurkeztu eta bera da herriko alkatea. Gustura dago karguan eta herritarrekin batera egin nahi du lan.
Aurretik zinegotzia izandakoa zara, baina pauso bat aurrera eman eta alkatetzarako aurkeztu zinen. Zergatik?
Alkatetzak denbora eskatzen du. Orain errelebo kontratuarekin nago eta lanaldi murriztua dut, beraz, denbora libre gehiago dut. Horregatik eta, bestalde, erantzukizunagatik ere aurkeztu nintzen alkategai. Gainera, zerrendak osatzeko jendea ez dago soberan. Lan taldearekin ere oso gustura nago. Talde gaztea da. Pozik nago.
Zeintzuk dira zure kezkak?
Alkate izateak beste ikuspegi bat ematen du. Oraintxe dudan kezketako bat, Itsasondoko eskola berriaren obra bideratzea da. Eusko Jaurlaritzak egingo du, baina interlokutore lanak egitea tokatzen zait. Obrak oraindik ez dira hasi, baina haiek iraun bitartean zer egin eta nola antolatu planifikatu behar da. Gainera, terreno guztiak ez dira udalarenak, horregatik, orain ari gara urbanistikoki plan bat egiten. Obrak hurrengo ikasturtean hastea espero dugu. Ondoren, urte pare bat beharko dute eskola berria izango dena egiteko, bi ikasturte. Bien bitartean, udaletxean kokatuko dira. Tarte horretan, jantokiari ere irtenbidea bilatu behar zaio. Kaxintanen kokatuko dugu.
Bestalde, Adifekoekin harremanetan gaude, trenbide pasagunea kentzeko. Proiektua egingo dute, hura begiratu, aztertu eta badugu lana horretan ere.
Urte dexente dira Itxasondon lan dinamika aldatu zenutela. Horrela jarraitzea da asmoa?
Noski!. Hiru lan talde daude: herri bizitza, lurralde antolaketa eta ongizatea. Udalbatzak 2005ean onartu zuen herritarren artean diseinatu zen Itsasondoko Agenda 21eko lehenengo Ekintza Plana; udalaren kudeaketan, herritarren parte har- tzea nolakoa izan behar zen zehaztu zuen, eta harrezkero, horrela ari gara lanean eta horrela jarraituko dugu.
Kontuan izan behar da, udalak osatzea geroz eta zailagoa dela eta herri batzuetan komeriak daudela. Jendea inplikatzeko modua da, batzuei zinegotzia izateak errespetu handia ematen baitie. Baina horrelako lan dinamiketan parte hartzeko prest daude. Lan taldeek ondo funtzionatzen dute. Udaleko zinegotziek ere parte hartzen du-te: Ongizate lan taldean Aiora dago; Herri bizitzan Maddi Alberdik jarraitzen du; ni Lurralde Antolaketan nago.
Ongizate lan taldea zertan ari da oraintxe?
Osakidetzako Osasun Publikoak, Ordizian adibidez, herritarren ongizateaz arduratzen den langile bat dauka. Pertsona hori arduratzen da zahartzaro aktiboaz eta gizartearen osasunaz, gaixotasunez harago. Itsasondo bezalako herri txikietan horretarako langile bat lanaldi osoz izatea zaila da, baina herri txikiak elkartuz posible egin dugu. Arama, Altzaga, Gaintza, Zaldibia, eta Itsasondok adibidez, duela bi urte lortu genuen eta herrian giro osasuntsua bultzatzeaz arduratzen da. Adikzioak, Tipi Tapa ekimena eta beste hainbat gai garatzen ditu. Hortik ateratzen dudana da herrien artean sareak sortzea behar-beharrezkoa dela.
Orain herri bakoitzean diagnostiko bat egin nahi dute, hala jakinarazi zigun Osakidetzak. Guk lanak aurreratuta ditugu, Ongizate lan taldeari esker.
Herrien artean sareak sortzea esan duzu.
Itsasondo herri txikia da eta herri handiagoek dituzten zerbitzuak izatea zaila da. Horregatik, sareak sortu behar ditugu beste herriekin.
Baina hortik harago, aldundiari edo jaurlaritzari eskaeraren bat egitera joateko orduan, ez da gauza bera Itsasondo bakarrik joatea, edo sei-zazpi herriren izenean joatea. Indarrak batzea beharrezkoa da. Adibide bat jarriko dizut. Duela gutxi, sei herri horien artean eskaera bat egin genion aldundiari. Izan ere, Itsasondora etortzeko Ordizian dagoen N1 errepideko irteera eta gero, bidegurutze oso txarra dago. Guztiei eragiten digun zerbait da eta beraz, eskaera bateratua egin genuen.
Batzen zaituzten gai ugari daude. Zer beste duzue?
Azpiegiturei dagokienez, Itsasondok ezin ditu Ordiziak dituen kirol azpiegiturak eduki. Hortaz, zergatik ez Ordiziakoak aprobetxatu? Herrien artean sareak eraikitzea ere bada hori.
Lurralde Antolaketari dagokionez, aipatu dituzu proiektu batzuk. Beko Kale berritzeko asmoa ere agertu zenuten. Horren inguruan zer konta dezakezu?
Trenbide-pasagunea kentzearekin batera doa Beko Kaleko berriztapena. Kontua da gaur egun pasabide hori dagoen tokian beste zerbait egitea oso zaila dela, lurrazpitik egitea ezinezkoa baita erreka dagoelako, eta zubi bat egitea ere zaila da autobidea oztopo delako.
Beraz, Beko Kale eta Jaso Garabiak enpresaren artean dagoen eremu horretan egingo dute. Beko Kale bukaeran, errekak meandro bat zuen. 1983. urteko uholdeen ondoren, meandroa zuzendu egin zuten, eta eremu lau bat bat sortu zen. Horren jabetza estatuarena da. Herriko arauetan industriagune bezala dago. Udalaren asmoa da herrigunean dauden industriak eremu horretara eramatea. Orain, esplanada hori salduko digutela esan digute.
Lur eremu horretan, trenbidea igarotzeko pasoa egitea aurreisten dugu baita ere, eta obra horrek Beko Kaleri ere eragingo dio. Kale horrek orain sarrera eta irteera toki beretik ditu. Etorkizunean, alde batetik sartu, kalea zeharkatu eta irteera izango du. Zentzu bakarreko kale bihurtu, espaloiak berritu eta aparkalekuak sortuko ditugu, besteak beste.
Azken urteetan bizilagun berri asko ditu Itsasondok. Migrazioak gertugoko eta urrutigoko biztanleak ekarri ditu. Horretan ere eskuhartu behar izan duzue.
Urtero-urtero Harrera eguna antolatzen dugu, kanpotik etorritako bizilagun berriei ongi etorria egin asmoz eta herrian dauden zerbitzuak ezagutu ditzaten. Dugun errealitate bat da, eta udala herritar guztiei laguntzeko dago.
Bestalde, urtean zehar egiten diren ekintza eta bestelakoetan inplikatzen direla konturatzen gara. Pozgarria da hori.
Ingurumenari dagokionez ere, proiektu anbiziotsua abiarazi zenuten.
Itsasondok mendi oso polita dauka eta perretxikoen kontu honekin, geroz eta herritar ge-hiagok ezagutuko du. Eskolan, gida didaktikoa ere egin dute, gai hori landuz. Datorren ikasturtean, natur zientzietan, horren bueltan arituko dira. Horrek guztiak herri giroa sortu, ingurumenarekiko sentsibilizazioa bultzatu du, eta herritarrek inguruan dutena maitatzen ikasiko dute.
Urkia auzoan ere aterpea berritu dugu eta bisitariak hartzeko moduan dago.
Kultur arloari dagokionez, zer esan dezakezu?
Hilero hainbat ekintza antolatzen dira herrian. Duela gutxitik gainera, kultur eta gazteria teknikari berria dugu eta ea zer moduz doazen gauzak.
Bukatzeko, lau urte barru atzera begiratu eta zer gustatuko litzaizuke ikustea?
Lau urte oso azkar pasatzen dira, baina tira, gauzak poliki-poliki egiten joango gara. Aipatu ditudan proiektuek aurrera egitea espero dut, sareak sortzea eta herritarrak gustura bizitzeko herria egitea.