Puntako atletak bilduko ditu Gabonetako 37. Igeriketa Txapelketak Ordizian
Abenduaren 29an egingo dute Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa, Ordiziako Majori kiroldegian.
Nazioarteko igerilari onenak Ordizian elkartuko dira abenduaren 29an, Majori kiroldegian jokatuko den 37. Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketan. Euskal Herriko eta Espainiako igerilari taldeez gain, Hungaria, Serbia, Italia, Japonia,Errumania, Frantzia, Andorra, Venezuela eta Kroaziakoak ere etorriko dira.
Ordizia Igeriketa Taldea “buru belarri” ari da Gabonetako Igeriketa Txapelketa antolatzeko lanean. LEN (Ligue Européene de Natation) egutegiaren barruan dagoen proba da, eta nazioarteko puntako igerilariak etorriko dira, tartean Espainiako Absolutu mailako 8 txapeldun.
Taldeei dagokionean, Euskal Selekzioak eta Euskal Herriko klubik garrantzitsuenek parte hartuko dute, tartean Nafarroako Anaitasuna eta Amaya, Arabako Judizmendi, Bizkaiko Getxo eta Gipuzkoako Bidasoa XXI eta Tolosaldea. Sant Andreu Kataluniako igeriketa talde garrantzitsuak ere bidaliko du ordezkaritza. Ordiziako Igeriketa Taldeak, parte-hartzaileen maila nabarmendu nahi izan du: “Atzerriko igerilarien maila duela bi urtekoa edo are hobea izango da, eta Estatuko igerilarien maila nabarmen igo da, hein batean, txapeldunen presentziagatik, horietako batzuk txapelketan estreinatzen baitira”.
Lau modalitatetan lehiatuko dira: 50 eta 100 metrokoan tximeletan, bizkar, bular eta estilo librean eta 100 eta 200 metroko estiloetan. Atal bakoitzean, gizonezkoen eta emakumezkoen lehiaketak egingo dituzte, eta kirol egokituak ere izango du bere tokia. Datorren astean aurkeztuko dute ofizialki proba, eta bertan emango dituzte xehetasun guztiak.