Santa Lutzi eguneko feria, iruditan
Eguraldiak lagundu egin du azkenean, eta jende asko gerturatu da goizean zehar, Urretxu eta Zumarragako Santa Lutzi feriara. Ikusi egunak orain arte utzitakoaren laburpena iruditan.
Kontrakoa bazirudien ere, eguraldia lagun izan dute gaur Urretxu-Zumarragako Santa Lutzi ferian. Goizeko lehen orduan euria egin badu ere, 09:00ak aldetik aurrera ateri eutsi dio, eguerdia ondo pasa arte. Hori eta tenperatura epela lagun zutela, jende ugari gerturatu da bi herrietako kaleetara, feriaz gozatzera. 400dik gora postu jarri dituzte, barazki, baserriko produktu eta artisau lanen artean. Animaliei dagokionean berriz, 365 buru ekarri dituzte aurten, eta 107 salmenta zenbatu dituzte 14:00ak arte.
Eguerdiko 13:30etan hasita, lehiaketetako sariak banatzeko ekitaldia egin dute Areizaga-Kalebarren plazan. Hauek izan dira aurtengo sarituak:
- Fruta eta barazki sariketa (Urretxu)
- Fruta eta barazki sariketa (Zumarraga)
- Kapoi eta oiloen sariketa
- Oilaskoen sariketa
- Zaldi abereen sariketa (Zumarraga)
- Ezti lehiaketa
- Abereen partaidetza eta salmenta
Arratsaldean pilota partidak jokatuko dira Ederrena pilotalekuan. Lehen partida 17:30ean hasiko da. Binakako Promozio txapelketakoa izango da. Peña II eta Arangurenek, Egiguren V eta Erostarberen aurka jokatuko dute. Bigarren partida binakako txapelketa nagusikoa izango da: Bengoetxea VI eta Mariezkurrena IIk Ezkurdia eta Martijaren aurka jokatuko dute.
Bukatzeko, 18:00etan idi proba saioa egongo da Zumarragako Euskadi plazan. Asier Izagirre (Ipeñarrieta), Asier Zubillaga eta Iñaki Irigorasen idiak lehiatuko dira.